Ekonomia -
Parlamentuan aurrezteko
Eurodiputatuek ez dute turista mailako hegazkin txartelik erabili nahi
PP eta PSOE alderdietako ordezkari gehienek ez dute gastuak murrizteko neurririk aplikatu nahi; besteak beste, soldatei eta dietei dagozkienak errefusatu dituzte.
Erredakzioa
Europako beste herri batzuetan funtzionarioei eta pentsiodunei gastuak murrizteko aplikatu dizkieten neurriak errefusatu dituzte Espainiako eurodiputatuek; izan ere, besteak beste, ez dute hegazkinetan turista mailako txartelik erabili nahi eta lehen mailan bidaiatzen jarraitu nahi dute. Halaber, dietetarako diru sarrerei berdin eutsi nahi diete eta ez dute 2012rako soldatak izoztea nahi.
Datorren urtean Euroganberako aurrekontuak murrizteko eskatu zuten Berdeek eta Ezker Bateratuak, zenbait proposamen eginda, baina eurodiputatuek bertan behera utzi dituzte. Europako Parlamentuak 1.725 milioi euroko aurrekontua izango du, 2011n baino % 2,3 gehiago.
"Ez dut ulertzen: zenbait eurodiputatuk gure herrietan gastua murrizteko neurriak (soldaten eta pentsio-erretiroaren murrizketa) bultzatzen dituzte, baina beren diruaren inguruan erabaki behar denean ez dituzte aplikatu nahi ", esan du Miguel Portas Portugalgo Ezker Bateratuaren eurodiputatuak.
Lehen proposamenak bidaietako gastuen arauak aldatzea eskatzen zuen, lau orduko baino gutxiagoko hegazkin bidaietan eurodiputatuek zein Parlamentuko kideek turista mailako txartelak erabiltzeko, baina bertan behera gelditu da: kontrako 402 boto, aldeko 216 eta 56 abstentzio jaso ditu proposamenak. Adinaren eta osasun egoerarenaraberako salbuespenak ezartzea eskatzen zuten idatzian.
Estatuko eurodiputatuen artean, Rosa Estarasek (PP), Ramon Tremosak (CiU), Raul Romevak (IPC) eta Oriol Junquerasek (Esquerra Republicana) eurodiputatuek turista mailan bidaiatzea nahi dute.
Gainera, bidaiak egiten dituztenean eguneko eta orduko dietak pilatzea ekiditeko proposamena ere atzera bota dute (kontrako 405 boto, aldeko 151 boto eta 106 abstentzio).
Azkenik, "Europako Parlamentuko kideetatik hasita aurrezteko" proposamenak errefusatu dituzte, eta 2012ko dietak eta soldatak murriztearen aurka agertu dira. Espainiako eurodiputatuen artean, Romeva eta Junqueras dira soldata izozteko prest dauden bakarrak.