Ekonomia -
Europan lehena
Tecnaliak sare elektriko adimendunak ikertzeko zentroa eraikiko du
Instalazio berriak Bizkaiko Parke Teknologikoan egongo dira. Eraikinak 3.500 metro izango ditu, eta "jasangarritasunaren adibide izango da energiaren eta eraikuntzaren aldetik".
Erredakzioa
"Ingrid" izeneko proiektua gaur aurkeztu dute Zamudion Bernabe Unda Industria sailburuak eta Javier Ormazabal Tecnaliako presidenteak. Lehen fasea 2012an sartuko da indarrean eta 14 milioi eurotik gorako inbertsoak beharko ditu.
Proiektu hori beste batekin bat dator; Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, eta Iberdrolak egiten ari direnarekin.
Horrek 60 milioi euroko inbertsioa izango du, eta Bilbo eta Portugaleten egingo da; 1.100 transformazio-zentro baino gehiago egokitu beharko dira; 410.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dieten 230.000 kontagailu baino gehiago berriztatuko dira.
Tecnaliako arduradunek azaldu dutenez, "Ingrid" sektore elektrikoko EAEko enpresa-ehun indartsuari lagunduko dio mundu mailan berritzaileak eta lehiakorrak izango diren produktuak garatzen.
Ingridek lau lan-eremu handi izango ditu, sare elektriko adimendunetarako beharrezkoak diren sistema elektrikoen, elektronikoen eta komunikaziokoen teknologietan esperimentatzeko: Sare elektrikoetarako ekipo eta osagaiak, sare elektriko adimendunak, energia berriztagarrietarako sistema elektrikoak eta energia elektrikoaren kontsumoaren kudeaketa adimenduna.
"Mota honetako lehen instalazioa izango da Europan, smart grids (sare adimendunak) babesteko behar diren eginkizunak biltzen dituena, fase eta itxura ezberdinekin", esan dute Tecnaliako arduradunek.
Instalazio berriak Bizkaiko Parke Teknologikoan egongo dira, Tecnaliak honetarako berariaz erosi duen 10.000 m2 zabaleko lursail batean Eraikinak 3.500 metro izango ditu, eta jasangarritasunaren adibide izango da energiaren eta eraikuntzaren aldetik.