Ekonomia -

Aurreikuspenak berrikusi ditu

Gobernuak baino langabezia gutxiago iragarri du Espainian Diru Funtsak

Aurten BPGk % 0,8 egingo du gora, eta 2012an % 1,6; langabezia tasa, bestalde, % 19,4koa eta % 18,2koa izango da, hurrenez hurren.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako barne produktu gordinak aurten % 0,8 egingo du gora, eta 2012an % 1,6 haziko da, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera. Espainiako ekonomiari buruz aurretik egindako iragarpenak bi hamarrenetan eta hamarren batean hobetu ditu, hurrenez hurren; hala ere, langabezia tasa altuari dagozkion datuak ez dituzte aldatu: 2011 honetan % 19,4koa, eta 2012an % 18,2koa izango dela aurreikusi dute.

Dominique Strauss-Kahnek zuzentzen duen erakundeak Espainiako Gobernuak aurreikusitakoa baino iragarpen txarragoa aurkeztu du ekonomia hazkundeari dagokionez. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, aurten Espainiako BPGk % 0,8 egingo du gora, eta 2012an % 1,6.

Bestalde, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, inflazioa % 2,6koa izango da aurten Espainian, eta 2012an % 1,5era jaitsiko da.

Iragarpen horiek betez gero, Eurogunean, Espainia Irlanda (% 0,5), Portugal (- % 1,5) eta Grezia (- % 3) baino gehiago haziko da, baina datorren urtean Italia (% 1,3), Herbehereak (% 1,5), Portugal eta Grezia baino gehiago haziko da.

Nazioarteko Diru Funtsaren iragarpenen arabera, Euroguneko ekonomia aurten % 1,6 haziko da, eta 2012an % 1,8; kasu bietan, aurreko iragarpenak esaten zuena baino hamarren bat gehiago. Langabezia-tasari dagokionez, 2011n % 9,9koa izango da eta 2012an % 9,6koa.

Nazioarte mailan

Nazioarteko ekonomiaren egoerari dagokionez, aurreikusitakoa betetzen eta suspertzen ari da; gainera, atzeraldian jausteko beldurra urrundu dela esan dute; aurten, nazioarteko BPGk % 4,4 egingo du gora, eta 2012an % 4,5.

Dena den, suspertze horrek "desorekatua" izaten jarraituko duela adierazi dute; izan ere, ekonomia garatu gehienen BPG beren ahalmenen azpitik dago, eta hazkunde maila txiki horrek langabezia handia ekarriko du "urte askotarako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea