Ekonomia -
% 10,7ko langabezia tasa
8.900 langabe gehiago izan dira Euskadin, Eustaten arabera
Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Araban bakarrik egin du behera langabeziak. Igoera handiena Bizkaian izan da (9.600 langabe gehiago).
Erredakzioa
Urteko lehen hiruhilekoan aurreko hiruhilekoan baino 8.900 langabe gehiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan. Ondorioz, langabezia tasa % 10,7an dago, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera.
Guztira 113.100 pertsona daude Enpleguko Institutu Nazionalaren bulegoetan izena emanda lan-eskaintza baten zain.
Sexuaren arabera aztertuz gero, 64.800 gizonezko (aurreko hiruhilekoan baino 3.600 gehiago) eta 48.300 emakumezko (aurrekoan baino 5.300 langabe gehiago) daude langabezian orain.
Urteko lehen hiruhilekoan, langabezia tasak 0,7 puntutan gainditu du aurreko hiruhilekoarena (% 10). Lan egiteko moduan dauden gizonezkoen % 11,2 (aurrekoan baino 0,7 puntu gehiago) eta emakumezkoen % 10,2 (puntu bat gehiago) daude langabezian.
Lurraldeka, Bizkaian hazi da gehien langabeen kopurua; 9.600 langabe gehiago zenbatu dituzte lanik gabe. Langabezia tasa % 12,2ra iritsi da bertan.
Langabezia tasa baxuena (% 8,8koa) Gipuzkoakoa da. Bertan, 29.800 langabe daude (300 gehiago).
Bestalde, Araban bakarrik egin du behera langabeziak. Aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 1.100 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Langabezia tasa % 9,8koa da.