Ekonomia -

Lan-politika

Langabeziari aurre egiteko neurri sorta proposatu du EAJk

Neurriak hiru multzo handitan antolatu dituzte: Gazteen langabeziari aurre egiteko egitasmoa, autonomoak laguntzeko programa eta enpresa txiki eta ertainak berrindartzeko plan berezia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal erakunde eta agente sozial eta ekonomikoei langabeziaren hazkundeari aurre egiteko "neurri sorta" bat bidali die EAJk, euskal gizartearen "kezka nagusia" delako.

Neurriak hiru multzo handitan antolatu dituzte eta Iñigo Urkullu EAJko presidenteak jakitera eman ditu gaur Bilbon: Gazteen langabeziari aurre egiteko egitasmoa, autonomoak laguntzeko programa eta enpresa txiki eta ertainak berrindartzeko plan berezia.

Aurreneko urtean hezkuntza kontratuen eta praktiken % 30 diruz laguntzea proposatu du EAJk; autoenplegu egitasmoetako bideragarritasun planak erabat finantzatzea eta, gainera, 6.000 euroko diru-laguntza ematea.

Atzerrian hezkuntza jasotzeko 10.000 euroko bekak ematea proposatu dute jeltzaleek. Era berean, finantza-entitateekin hitzarmenak sinatu nahi dituzte inbertsiora bideratutako kredituen lau puntu diruz laguntzeko.

Negozio berriek zergatan eta tasetan % 50eko hobekuntzak izatea proposatu dute, eta baita Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHI) % 20 hobetzea ere, bost langile baino gutxiago dituzten enpresen kasuan.

Enpresa txiki eta ertainak

EAJren proposamenaren arabera, lanpostuak sortzen dituzten enpresa txiki eta ertainek diru-laguntzak jasoko lituzkete, merkatu ikerketen kostuen % 20 edo % 60 ordainduz.

Urkulluk azaldu duenez, neurri sorta erakundeetako arduradunei, finantza-entitateei, Merkataritza Ganbarei eta agente ekonomiko "nagusiei" igorri diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea