Ekonomia -

Fiskalitatea

ELA:'Alderdi politikoek kapitalaren mesedetan jarri dute fiskalitatea'

Adolfo Muñozek prentsaurrekoan aurkeztu ditu ELA sindikatuaren proposamenak fiskalitatearen arloan. ELAren ikerketak "Kontzertu Ekonomikoaren erabilera antisoziala" agerian jarri du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adolfo Muñoz ELA sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, euskal erakundeetan ardura duten alderdi politikoek "kapitalaren mesedetan jarri dute" fiskalitatea.

Halaber, eredu fiskala eztabaida politikotik desagertu egin izana egotzi die Muñozek alderdi politiko horiei.

Adolfo Muñozek prentsaurrekoan aurkeztu ditu ELA sindikatuaren proposamenak fiskalitatearen arloan. ELAren ikerketak "Kontzertu Ekonomikoaren erabilera antisoziala" agerian jarri du.

PFEZean laneko errentak ditugunok batez beste urteko 21.274 euroko diru-sarrerak aitortzen ditugu, eta jarduera enpresarial edo profesionalak egiten dituztenek, berriz, 13.141 eurokoak; honek agerian uzten du dagoen iruzurra.

Halaber, 2007. urteko Sozietateen Zergako 10 aitorpenetik ia 7tan enpresek adierazi zuten galerak zituztela, etekinik ez zutela lortu edota irabazia 6.000 euroz pekoa izan zela (eta urte hartan, datuak ditugun azkenekoan, ez zegoen krisi ekonomikorik).

ELAren esanetan, datuak eskandaluzkoak dira, eta agerian uzten dute zenbateko tartea dagoen bestelako fiskalitate bat ezartzeko, herritarren beharrizanen mesedetan egongo litzatekeen fiskalitatea. Bestalde, salagarria da eredu fiskala eztabaida politikotik desagertu egin izana.

ELAren iritziz, gizarte ereduari dagokionez, Hego Euskal Herriaren eta Europako Batasunaren arteko desberdintasun nagusiak gizarte-babes maila eta presio fiskala dira, biak ere berton askoz apalagoak.

Bi kontuon arteko harremana ezin estuagoa da. Era honetan, Euskal Autonomia Erkidegoan presio fiskala Europar Batasunaren adina izango balitz, urtean 6.400 miloi euro gehiago eskuratuko lirateke, aurrekontuen erdia baino gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea