Ekonomia -
Asteazkenean
Greba eguna EuskoTrenen, 'puntako orduan' bi lanuzte deituta
Lanuzteak 08:00etatik 09:00etara eta 17:00etatik 18:00etara izango dira. Jaurlaritzak zerbitzu minimoak bermatu ditu eta momentuz eguneko lehen lanuztea "normaltasunez" igaro da
Erredakzioa
Gaur asteazkena, 08:00etatik 09:00etara eta 17:00etatik 18:00etara, EuskoTreneko Batzorde Egonkorrak greba deitu du. Hori dela eta, EuskoTrenek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak zerbitzu minimoak ezarri dituzte tren, autobus, tranbia eta funikularretan. Eguneko gainerako orduetan astegunetan eskaini ohi den zerbitzua egongo da.
Eusko Jaurlaritzak aipatutako greba orduetarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak honako hauek dira: 08:00etatik 09:00etara, ohiko zerbitzuaren % 30ekoari dagokion tren, funikular eta autobus zerbitzu kopurua eskainiko da. 17:00etatik 18:00etara, ohiko zerbitzuaren % 20 ibiliko da.
Bi kasuetan, ehunekoa, astegunetan egoten den ohiko zerbitzuari dagokio, eta arreta berezia eskainiko zaie lantegietan sartzeko eta irteteko ordutegiei. Garraio alternatiborik dagoen ala ez ere hartuko da kontuan. EuskoTrenen erabiltzaileek, gaur 08:00etatik 09:00etara eta 17:00etatik 18:00etara ezarri diren gutxieneko zerbitzuak geltokietan eta ibilgailuen barrualdean kontsulta ditzakete. Horretaz gain, informazioa gehiago jasotzeko 902 543 210 telefono zenbakia jarri dute eta EuskoTrenen web orria kontsulta daiteke.