Ekonomia -

Lan-gatazka

LEPa salatu zuen anestesistak lanean jarraituko du azkenean Osakidetzan

Osakidetzak bere lanpostuan jarraitzeko eskubidea duela aitortu dio Marta Machori, asteazkenean jakinarazi ostean ostiralean kontratua etengo ziola.

Macho eta Nicolau (ESK). Argazkia: EITB
Macho eta Nicolau (ESK). Argazkia: EITB
Macho eta Nicolau (ESK). Argazkia: EITB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak bere lanpostuan jarraitzeko eskubidea aitortu dio Marta Macho anestesistari, Lan Eskaintza Publikoko (LEP) azterketetan filtrazioak izan zirela salatu zuenetako bati, Patxi Nicolau ESK sindikatuko ordezkariak jakinarazi duenez.

Osakidetzak asteazkenean esan zion Machori Debagoieneko Ospitalean zuen kontratua etengo ziola ostiral honetan, plaza horren jabearen lan egoera aldatu zelako.

Macho jardunaldi murrizketa bat ari zen egiten, eta plazaren jabeak eszedentzia eskatu du. Osakidetzak eta Osasun Sailak argudiatu zuten plazaren jabearen egoera aldatu zenez, kontratu berri bat egin behar zela bere lanposturako lan-poltsara jota.

Kontratu etete hori Machok ustezko irregulartasunak epailearen aurrean berretsi eta biharamunean jakinarazi zioten, baina Nekane Murga Osasun sailburuak erabat errefusatu zuen horrekin harremana zuenik.

Gaur goizean, Osakidetzaren Zerbitzu Zentralak Machorekin jarri dira harremanetan bere lanpostuari eutsiko diola jakinarazteko, eta plazadunaren egoera berriarekin egokituko zaiola, "lan egoera egonkortu" egingo zaiola, alegia.

Nicolauk azaldu duenez, sailburuak, "ongi pentsatuz gero, ez daki prozesu horiek nola egiten diren, zeren araudiak kontratazioen egonkortasuna bilatzen du".

Helburu hori 2011ko lan-poltsen araudian dago sartuta, eta horren arabera, plazadunak eszedentzia bat eskatzen badu, bere postuan dagoenari eskaini behar zaio "egonkortasuna" bilatze aldera.

Nicolauren esanetan, Osakidetzak araudia urratu nahi izan zuen Machoren kasuan, eta "ezinegon pertsonala" eragin nahi zion horrela, "zapalkuntza" izan zelako, baina "sindikatuen eta medioen salaketak" azkenean atzera egitera eta araudia betetzera eraman du.

Galdera Legebiltzarrean

Osakidetzaren azterketetan izandako ustezko irregulartasunekin lotuta, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdera bat egin du Eusko Legebiltzarrean Osakidetzaren "kontratazio eredu ustela" salatzeko.

Auzitegia ikertzen ari den filtrazioen ustezko egileen "inpunitaterako espazioak" blindatu nahi izana leporatu dio Uberak Murgari, eta "salatzen duena kalera doa" adierazi nahi izatea.

"Oso azal lodia eduki behar da ikertu beharrean frogak aurkezten dituztenen aurka jotzeko", berretsi du Uberak, eta azkenean sindikatuen eta medioen presioagatik kontratatu behar izan dutela azpimarratu du.

Uberari erantzunez, Osasun sailburuak esan du Osakidetzak "diskriminaziorik gabe" jokatu duela kontratazio prozesuetan. Gainera, adierazi du ez diola bere ardurari muzin egin, prozesu judizialean pertsonatu nahi izan duelako, eta epailea izan delako Osakidetza pertsonatzearen aurka agertu dena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Lana berriak Gizartea Ekonomia Gaurko azken orduko albistea Lan gatazkak gaur ESK sindikatuaren azken ordukoa