Ekonomia -
Petronor
43 MW-eko kogenerazio planta berria instalatu dute Petronorren
Orain, enpresak energia elektrikoa sortzeko ahalmena handituko du eta 100 megawattera iritsiko da, EAEko ekoizpen osoaren % 4ra.
Erredakzioa
Petronorrek 43 megawatteko (MW) kogenerazio elektrikoko planta berria abiatu du. Instalazio berri hori egiteko, 83,5 milioiko inbertsioa egin dute eta, hari esker, enpresak 100 megawatt (EAEko produkzioaren % 3,9) sortzeko ahalmena izango du.
Josu Jon Imaz Petronorreko lehendakariak eta Victor Perez de Guezuraga zuzendari nagusiak prentsaurreko batean esan dutenez, azken asteetan probak eta doitze lanak egin dituzte planta berrian, eta apirilaren amaieran jarri zuten martxan.
Gaur egun, Petronorrek orduro ekoizten dituen 100.000 kilowatten % 52 findegiko barne kontsumorako erabiltzen dira, eta gainerako % 48a, berriz, kontsumo publikorako erabiltzen da. Dena dela, urtearen amaieran, enpresa eraikitzen ari den koke planta martxan jartzen denean, ekoizpen horren %70 erabiliko dute barne-kontsumorako, eta % 30 salduko da.
Imazek eta Perez Guezuragak instalazio berriak ekarriko dituen "ingurumen abantailak" azpimarratu dituzte, % 48 karbono dioxido gutxiago igorriko baita. Honez gain, unitatea martxan jarrita efizientzia handiago izango du instalazioak eta errendimendu elektriko baliokidea % 65era igoko da, Legeak ezarritako gutxiengoa baino sei puntu gehiagotara.
Kogenerazio unitate berriaren erregaia gas naturala izango da eta, esate baterako,Garoñako zentral nuklearrak ekoizten duenaren laurden bat inguru produzituko du. Bizkaiko findegiak behar duen energia guztia sortzeaz gain, ekoizpen elektriko guztiaren %30 Sarean barreiatzea ahalbidetuko dio Petronorri.