Ekonomia -
Eskaria handitu egin da
Makina-erremintan fakturazioa % 20 igoko dela uste du AFM elkarteak
2011n sektorearen produkzioa eta fakturazioa handitu eta 2009ko mailara iritsiko direla uste du AFM Makina-erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak.
Erredakzioa
Fabrikatzaile espainiarrek makina-erreminten sektorea berreskuratzeko bidea aurten egonkortuko dela uste dute, eskariak igo direnez fakturazioa % 20 igoko baita. Lehenengo hiruhilekoan % 73 igo dira eskariak, eta Txinara esportatuko dute gehien.
Koldo Arandia Makina-erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteko zuzendariak eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak sektorearen 2010eko datuak errepasatu eta etorkizunerako aukerak aztertu dituzte.
Arandiak esan duenez, 2011n produkzioa % 15 eta fakturazioa % 20 igotzea espero dute. Horrela, sektorearen "une oso zailak" amaitu eta suspertze bidea finkatzeko itxaropena dute.
Goranzko bide honetarako, kanpoko merkatuen joera oinarrizkoa izan da, "arreta" batik bat Txinan jarrita. Arandiak enpresa txikiei dei egin die, aliantzak sustatu eta, horrela, Asiako merkatuan eta tankerako beste batzuetan sartzeko.
Arandiak esan duenez, barne merkatuaren egoerak ez du batere antzik kanpoko merkatuenarekin. Barnekoa "mantsoago" doa, eta inoiz ez da Espainian halako "eskari maila baxua" egon; gainera, Euskadi "oasia da basamortu horretan" eta “industria biziberritzeko hainbat neurri” hartu behar dira berehala, tresneria berritzera bideratuta.
Xabier Ortuetak 2010eko datuak errepasatu ditu. Urte horretan, produkzioa jaitsi egin zen esportazioetan, baina "uste baino gutxiago".
2011n sektorearen produkzioa eta fakturazioa handituko direla uste du AFMk, eta 2009ko mailara iristea espero du. Horrek etorkizunari "baikorrago” begiratzen laguntzen du, baina "tentuz" ibili behar dutela uste dute.