Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Diru Funtsa: 'Espainia norabide egokian doa'
Antonio Borges Nazioarteko Diru Funtsaren Europako zuzendariaren hitzetan, "Espainiako bankuen egoera nahiko sendoa da, eta hori merkatuek ere onartu dute".
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) ustez, egindako erreformei esker "norabide egokian doan herrialdeen adibide da Espainia". Erakunde honen esanetan, Espainiako banketxeek egoera "osasuntsua" bizi dute.
Antonio Borges Nazioarteko Diru Funtsaren Europako zuzendariaren hitzetan, "Espainiako bankuen egoera nahiko sendoa da, eta hori merkatuek ere onartu dute".
Espainiak erabakigarriak izan diren erreformak indarrean jarri dituela esan du Borgesek. Higiezinen alorrean "hainbeste oinarrituko ez den eredua"&' || 'nbsp;bultzatu duela gaineratu du Borgesek.
Espainiako agintariek hartutako neurriek merkatuetan sartzeko banku espainiarren gaitasuna berrezarri dute.
Espainiako zorraren errentagarritasuna % 5,25ekoa da hamar urtera, Greziaren % 15,8tik, Irlandako % 10,9tik eta Portugaleko % 9,4tik oso urrun.
"Espainiak birmoldaketa handi bat behar du eta langabezian eragin handia izango du horrek, epe laburrera kostu oso gogorrari aurre egin beharko diolako", adierazi du Borgesek.
2011ko hasieran eurogunearen periferian diren herrialde batzuetatik aldendu da Espainia, abian jarritako erreforma ekonomikoek indartu egin dutelako, NDFren perspektiba ekonomikoen azken txostenak onartu duenez.
"Hazkunde eredu jasangarriago bat"
"Espainia hazkunde eredu jasangarriago baterantz doa, eraikuntza sektorearen oinarria alde batera utziz eta esportazioetan eta merkataritza sektorean finkatuz. Espainiaren etorkizunerako eta epe luzerako lanpostuentzako berebizikoa da hori", erantsi du Borgesek.
"Egoera aldatu dela ikusten dugu eta Espainia norabide egokian doa. Politika horiek aplikatuz gero, denbora kontu bat baino ez da", NDFren Europako departamentuaren zuzendariak azaldu duenez.
Hala ere, "belaunaldi galdu" baten mamuaz ohartarazi du NDFk txostenean, izan ere, gazteen artean langabezia da nagusi Espainian.