Ekonomia -

UDAL ZERGAK

Tasak % 1,5 eta % 2,8 artean igotzea proposatu du Donostiako udal gobernuak

Neurri horien bidez, Udalak aurten baino 2,5 milioi euro gehiago biltzea espero du.

Donostiako Udala. Argazkia: Iban Garcia.
Donostiako Udala.
Donostiako Udala. Argazkia: Iban Garcia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiarrek 2020an ordaindu beharreko udal tasa eta zergak, batez beste, % 1,5 igotzea eta industria eta merkataritza jarduerengatik ordaindu beharrekoak ia % 2,3 igotzea proposatu du Donostiako udal gobernuak (EAJ - PSE-EE). Beste zerbitzu batzuetan, zabor-bilketa zerbitzuan, esaterako, igoerak % 4,5 eta % 10 artekoak izango dira.

Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak astearte honetan 2020rako onartu duen ordenantza fiskalen proposamenean, hutsik dauden etxebizitzei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) gaur egungo % 25etik % 35era igotzea eta erakustokien gaineko zerga berri bat (azaleraren eta kokapenaren araberakoa) sortzea jaso dute. 2020an aurten baino 2,5 milioi euro gehiago bildu nahi dituzte neurri horien bidez.

Eneko Goia alkateak prentsaurrekoan esan duenez, proposamena udaleko talde politikoei helaraziko diete, zuzenketak eta proposamenak egin ditzaten. Horiek jasotakoan, irailean, herritarrei horien berri eman, Ogasun Batzordean eztabaidatu, eta, hilabete bukaeran, ohiko osoko bilkuran, behin-behinean edo behin betiko onartuko dituzte.

Goiaren esanetan, igoera horiek adosterakoan kontuan izan dituzte, alde batetik, 2019a bukatu baino lehen Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) % 1,5 igoko dela, eta, bestetik, Barne Produktu Gordina (BPG), jarduera ekonomikoei dagokienez, % 2,3 haziko dela; horri Udalak ematen dituen zerbitzu batzuen defizitari aurre egiteko igoerak gaineratu dizkiote.

Zabor-bilketak, adibidez, 3,6 milioi euroko zorra metatu du. Hori dela eta, etxebizitzen tasa % 4,5 igotzea eta “zabor-sortzaile handiena” % 10 garestitzea proposatu ditu udal gobernuak.

Saneamendu tasak % 2,5 egingo du gora, batezbestekoa baino gehiago. Zerbitzu horrek eragindako 2,8 milioiko zorra ordaintzea da helburua. Ur-tasak, aldiz, berdin jarraituko du.

Beste tasa batzuk

Udal Jabaria Okupatzeagatik, hau da, terrazak jartzeagatik, ostalariek ordaintzen duten tasak % 3 egingo du gora, eta erakustokien gaineko tasa espezifiko bat izango da lehen aldiz.

Toldoak, ibiak, garabia eta TAO zerbitzua % 1,5 garestitzea aurreikusi du udal gobernuak, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) beste. Etxebizitza bakoitzeko, batez beste, 277 euro ordainduko dituzte donostiarrek, aurten baino 4 euro gehiago.

OHZari dagokionez, etxebizitza hutsen gaineko zerga % 35eraino (% 10 gehiago) igotzeko proposamena egin du, baina ez dituzte horien barruan sartu “bigarren etxebizitza” gisa hartzen direnak. Halere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Legea indarrean sartzen denean, bertan jasotzen dena aplikatuko dute horren ordez, alkatearen esanetan.

Jarduera ekonomikoen gaineko zerga % 1,61 garestituko da, “foru-arauak onartzen duen maximoa”, Goiaren arabera. Ibilgailuen gainekoa, berriz, % 1,5 igoko da herritarrena eta % 3, berriz, enpresena.

Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) eta Gainbalioen gaineko Zerga ez dira aldatuko, Donostiako udal gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zerga politika gaur