Ekonomia -
Lehiaketaren Batzordea
61 milioi euroko isuna jarri diete elektrika-enpresei
Isunaren aurka helegitea aurkeztuko dute Endesa, Iberdrola, Gas Natural Fenosa eta UNESA enpresek.
Erredakzioa
Espainiako Lehia Batzordeak 61,1 milioi euroko isuna jarri die bost konpainia elektriko nagusiei eta Unesa sektoreko patronalari, merkatu librean enpresa merkaturatzailea aldatzeko oztopoak jarri, eta tarifa elektriko arautuak desagertu eta gero bezero handiei eskainitako salneurriak adosteagatik.
Luis Berenguerrek zuzentzen duen Batzordeak 26,6 milioi euroko isuna ezarri dio Endesari, 21,6 milioikoa Iberdrolari, 8,8 milioikoa Gas Natural Fenosari, 1,8 milioikoa HCri, eta 1,42 milioikoa E.ON Espainiari.
Halaber, 900.000 euroko isuna ezarri dio Unesa patronal elektrikoari, hornitzailea aldatzeko prozesuetan beste batzuei bidea ixteagatik eta salneurriak adosteagatik.
Espainiako Lehia Batzordearen arabera, "Estatuko bost konpainia elektriko nagusiek lehiaren defentsarako araudia urratu dute, merkatu librean enpresa merkaturatzailea aldatzeko oztopoak jarriz eta presioak adosten saiatuz".
2009ko ekainean Energia Merkaturatzaile Independenteen Elkarteak salaketa jarri zuen, Endesak eta Iberdrolak behe-tentsioko lineen baja eskaeren kudeaketa telematikoa bertan behera utzi eta operazioak eten ostean.
Orain arte Batzordeak ezarritako bigarren isunik handiena da. 2009ko azaroan, 120 milioi euroko isuna jarri zien sei aseguru-etxeri, salneurriak adosteagatik.
Konpainiek helegitea aurkeztuko dute
Isunaren aurka helegitea aurkeztuko dute Endesa, Iberdrola, Gas Natural Fenosa eta UNESA enpresek Auzitegi Nazionalaren aurrean. Endesako iturriek jakitera eman duenez, enpresak "ez du lehiakortasunaren aurkako akordiorik lotu beste konpainiekin". Bestalde, Iberdrolako iturriek iragarri dutenez, enpresak zigorraren kontrako errekurtsoa aurkeztu eta bertan behera uztea eskatuko du.
Isuna auzitegietara eramango du Gas Natural FENOSAk, enpresako iturriek azaldu dutenez. Komunikatu batean, legearen barnean jardun duela defendatzen du Unesak eta zigorrarekin "ados ez" dagoela gaineratu du, ondorioz, "Justizia auzitegietara joko du".