Ekonomia -
NDFren zuzendaria, atxilotuta
Urduritasuna zabaldu da burtsetan
Euroaren kotizazioa asko jaitsi da eta Espainiako burtsa duela bi hilabeteko minimoetan dago. Strauss-Kahnen atxiloketa momentu txarrenean iritsi da.
Pedro Garcia Larragan
Urduritasunak gora egin du eta Europako burtsetan zabaltzen ari da; gainera, euroaren kotizazioa asko jaitsi da gaur goizean. Domique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren atxiloketa momentu txarrenean iritsi da, Portugal erreskatatzeko planaren eta Greziako erreskatearen erreformaren negoziaketetan parte hartu behar baitzuen gaur.
Ekonomialari aditua da eta prestakuntza akademiko handia dauka. Krisian dauden herrialdeek diru-laguntzak lortzeko gauzatu beharreko erreforma sakonen aitzindaria izan da. Beraz, Strauss Khan, aldi baterako bada ere, desagertzeak zalantza gehiago sortu du arazoak dituzten herrialdeen etorkizunari buruz.
Oraingoz, Espainiako burtsa azken bi hilabeteetako mailarik baxuenera iritsi da egoera zalantzagarri horren eta atxiloketaren eskandaluaren eraginez. Oinordekoari buruzko eztabaida piztu da jada eta eztabaida horri buruz Alemaniak ez du ezertxo ere jakin nahi oraingoz. EBko ekonomia eta finantza ministroen bileran dago une honetan mira, Portugalen erreskatearen baldintzak berrikusi eta Grezian gauzak nola doazen aztertu behar baitute bertan.
Are gehiago, Strauss Khan goi-bilera horretan parte hartzekoa zen eta haren rola oso garrantzitsua zen, gainera.