Ekonomia -

Ekonomia ministroen bilera

Mario Draghik Trichet ordezkatuko du Europako Banku Zentralean

Euroguneko Ekonomia ministroek hartutako erabakia Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek berretsi beharko dute ekainaren 24an egin beharreko goi-bileran.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Draghi Italiako Banku Zentraleko presidentea Jean-Claude Trichet frantziarra ordezkatzeko proposatu dute gaur euroguneko Ekonomia ministroek, Jean-Claude Juncker Eurotaldeko presidenteak gaur jakinarazi duenez. Trichet Europako Banku Zentaleko presidentea da egun.

"Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentea izango da", adierazi du Junckerrek euroguneko Ekonomia ministroen bilera amaitu ostean, Bruselan.

Euroguneko Ekonomia ministroek hartutako erabakia Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek berretsi beharko dute ekainaren 24an egin beharreko goi-bileran. Aldez aurretik Europako Parlamentuaren iritzia entzun beharko dute buruzagiek.

Urrian

EBko buruzagiek proposamena onartuz gero, 63 urteko italiarra urrian hasiko litzateke lanean, Tricheten agintaldia amaitzean. Draghi Goldman Sachs inbertsio-bankuaren presidenteordea izan zen.

Bankari italiarraren hautagaitza duela egun gutxi onartu zuen Angela Merkel Alemaniako kantzelariak, prezioen "egonkortasunaz" zituen azalpenak aztertu eta gero. Draghi Finantza Egonkortasuneko Kontseilu Europarreko presidentea da.

Alemanian polemika piztu du EBZko presidente berriaren izendapenak, Axel Weber Bundesbankeko presidente ohiak karguari uko egin ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea