Ekonomia -

PENTSIODUNEN PROTESTA

Aste Nagusiko astelehenerako manifestazioa deitu dute pentsiodunek Bilbon

Espainiako Gobernuaren aurrean, pentsioen ordez, azpiegitura handiei lehentasuna ematea leporatu dio Bizkaiko mugimenduak Eusko Jaurlaritzari.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua Bilbon, 2019ko abuztuaren 16an. Argazkia: EFE.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua Bilbon, 2019ko abuztuaren 16an.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimendua Bilbon, 2019ko abuztuaren 16an. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuari egiten dizkion eskakizunetan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko azpiegitura handiei "lehentasuna" ematen diela salatu du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, pentsioen igoera edo "gizarte izaerako premiazko beste neurriak" alde batera utzita.

Espainiako hauteskundeak errepikatzearen eta, ondorioz, 2020an pentsioak % 0,25ra berriro igotzearen beldur da hurrengo astelehenean manifestazioa egingo duen kolektiboa.

Bilbon egindako prentsaurrekoan, Aste Nagusiko konpartsa-kideei eskerrak eman dizkiete pentsiodunek, asteleheneko manifestazioan parte hartuko dutelako. Era berean, Asturiaseko, Kantabriako eta Errioxako pentsiodunei Bilbora etortzea eskertu diete.

Ibilbidea eguerdian hasiko da Moyua Plazan eta, Kale Nagusitik ibili ondoren, udaletxearen aurrean amaituko da. Guztira, badira 19 hilabete eta 85 astelehen kolektiboak lehen elkarretaratzea egin zuenetik.

Jon Fano mugimenduaren kideak adierazi duenez, komunikatua udaletxeko eskaileretatik irakurtzeko baimena ukatu diete Ertzaintzak zein Bilboko Udalak pentsiodunei. Iazko Aste Nagusian egindako manifestazioan, hesiak jarri zituzten.

Pentsiodunen esanetan, Amaia Arregi Segurtasuneko zinegotziari abuztuaren 6an bidali zioten eskaera hori. Hala ere, dagoeneko ez dute erantzunik jaso, "isiltasuna" baino ez.

"Ezin justifikatuzko" debekua

Bestalde, eskaileretatik igotzeko debekua ezin daitekeela arrazoitu adierazi dute pentsiodunek, jaietako beste ekintzak eta ekimenak egiteko hesi horiek kentzen dituztelako.

Pentsiodunen mugimenduak adostutako manifestuaren arabera, egungo egoera ez da batere itxaropentsua, "bizi guztirako pentsio duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko oraindik oso urrun" baitago.

Errealitate horren aurrean, irtenbide bakarra mobilizazioak jarraitzen egitea dela uste dute pentsiodunek. Zentsu horretan, hainbat manifestazio deitu dituzte "Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hiriburuetan, eskualdeetan eta herrietan". Horiek urriak aldera izango dira, Pertsona Helduen Eguna urrian baita.

Era berean, azaroko erdialdean, "gizarte mobilizazioa" sustatuko dute Euskadin eta Nafarroan; posiblea den parte-hartze altuena lortu nahi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pentsioak