Ekonomia -
Financial Times-i elkarrizketa
Galan: 'Iberdrola osoa erosteko eskaintza egin beharko du ACSk'
Financial Times egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, ACSk Iberdrolako akziodunei diru-sari bat ere eskaini beharko die. Egun, ACSk Ibedrolaren % 20a dauka.
Erredakzioa
Iberdrolako agintaritza lortzeko "enpresaren osotasunaren gaineko eskaintza" aurkeztu beharko du ACS eraikuntzako enpresak, Ignacio Sánchez Galán presidenteak adierazi duenez.
Financial Times egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, ACSk Iberdrolako akziodunei diru-sari bat ere eskaini beharko die. Egun, ACSk Ibedrolaren % 20a dauka. "Enpresaren osotasunaren gaineko eskaintza egiten badute, eta akziodunek eskaintza hori onartzen badute, ez da arazorik egongo. Baina, akziodunei saririk eman gabe, enpresa kontrolpean izan nahi badute, orduan askoz ere zailagoa izango da", azaldu du.
ACSk Hochtief Alemaniako eraikuntza enpresa erosi berri duela gogoratu du Sánchez Galanek.
Iberdrolaren eta beste enpresa batzuen arteko bat-egiteen inguruko zurrumurruei ere erantzun die elkarrizketan.
Bere hitzetan, gai horren inguruko zurrumurruak "lelokeri hutsak dira". "Etengabe ari gara gure lagunekin hitz egiten, hainbat gaiei buruz, baina zuzendaritza batzordean ez da bat-egitei buruz hitz egiten", gaineratu du.