Ekonomia -

Txostena

EBko abokatuak epaileen esku utzi du IRPH indizea abusuzkoa ote den zehaztea

Abokatuaren irizpidea ez da loteslea, baina Auzitegiaren epaiekin bat egin ohi du. Espainiako Estatuan milioi bat hipoteka egon litezke indize horri lotuak; Hego Euskal Herrian, 30.000 bat.

IRPH indizea oso erabilia izan zen 1995etik 2013ra. EFEren artxiboko argazkia
Bilboko eraikin bat, garabien artean.
Zer da IRPHa eta zer esan nahi du EBko abokatuaren ebazpenak?

1:43

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maciej Szpunar Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak epaileen esku utzi du IRPH indizea (hipoteka maileguen erreferentzia indizea, gaztelerazko sigletan), abusuzkoa izan ote den zehaztea. Indize ofiziala izanagatik, ez du zertan gardena izan behar, eta hori ebaztea auzitegiei dagokiela nabarmendu du. Ondorio horien zain zeuden Espainiako banku sektorea eta kaltedun eta kontsumitzaileen elkarteak, izan ere, Europatik etor daitekeen erabakia astindu gogorra eragin dezake banka sisteman. Banketxeek eurek emandako datuen arabera, indize horri lotutako 17.430 milioi euroko hipotekak dituzte.

Espainiako Auzitegi Gorenak 2017an emandako epaiaren kontrakoa da txostena, eta beraz, kaltedunen interesen aldekoa. Dena dela, abokatuaren ebazpena ez da loteslea, baina EBko Justizia Auzitegiak emandako epaiekin egin ohi du bat (2020ko lehen hiruhilekorako espero da epaia).

Szpunarren esanetan, finantza erakundeek ez dute zertan hipoteka maileguak zehazteko dauden sei indizetako bat erabili behar. IRPHaren ordez, Euriborra erabil zitekeen. Hortaz, indize jakin bat erabiltzeko agindurik ez dagoenez, horiek kontrola ditzakete epaileek. Espainiako justiziak askotan argudiatu du ezin zutela indizea abusuzkoa ote den zehaztu, Europako zuzentarau batek indize ofizialak salbuesten dituelako. Argudio horren kontra jo du, hain justu, abokatuak.

Bestalde, kontratuen gardentasunari buruz, Szpunarrek adierazi du indize "konplexu eta ilun samarra" dela kontsumitzaile arruntarentzat. Hori horrela, indizeak zituen ondorio ekonomikoak argi azaldu behar zirela azpimarratu du EBko abokatuak.

Indizea baliogabe utzi behar ote den ez du argitu Abokatutzak.

Kaltedunen elkarteek emandako datuen arabera, Espainiar Estatuan milioi bat hipoteka daude indize horri lotuta. Batez beste, bezero bakoitzak 25.000 euro galdu ditu indize horren erruz. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, 30.000 familia daude auzi horren eraginpean.

Txostena ezagutu eta gutxira igarri dira ondorioak Espainiako burtsan. Bankuek galerak izan dituzte.

Zer da IRPH indizea?

Euriborra da hipoteka maileguak kalkulatzeko gehien erabili den indizea (hipoteken % 80k du), eta horregatik ere, ezagunena ere bada. Hipoteka maileguen erreferentzia indizea 90ko hamarkadan hasi zen erabiltzen Euriborraren alternatiba gisa. Izan ere, garai hartan, oso tasa altuetan zegoen Euriborra eta Espainiako Gobernuak indize "ofizial, garden eta egonkor" baten beharra zegoela argudiatu zuen, bezeroak finantza merkatuen gorabeheren aurrean babesteko.

Europako Bankuak finkatzen du IRPHa, finantza erakundeek ematen dituzten maileguen interes tasen batezbesteko antzerako bat.

2013tik aurrera, baina, Euriborra jaisten hasi zen (gaur egun, balio negatiboetan dago), eta orduan sortu ziren ika-mika gehienak. Izan ere, IRPHa % 2ren inguruan mantendu zen, egonkor.

2015-2016 urteetatik aurrera, indize horri lotutako kontratuen gardentasun falta salatzen hasi ziren kaltedunak, eta IRPHa baliogabe jotzeko eskatzen.

Banku sektoreko iturriek argudiatu dutenez, ordea, eurek ez dute indizea kalkulatzen (Espainiako Bankuak egiten du), eta komertzializazioa "gardena" izan da bezeroei informazio guztia eman dietelako.

CaixaBank, IRPH hipoteka gehien dituena

CaixaBankek ditu indize horrekin lotutako hipoteka gehien (6.446 milioi euro), ondoren Santander bankua (4.300 milioi euro, gehien bat Banco Popularren garaitik datozenak), BBVA (3.100 milioi euro), Bankia (1.600 milioi euro), Sabadell bankua (831 milioi euro), Liberbank (209 milioi euro), Unicaja (200 milioi) eta Ibercarja (50 milioi euro).

Kutxabankek atzo bertan emandako datuen arabera, 727 milioi euroko balioa duten hipotekak ditu indize horri lotuta.

Asufin finantza produktuen kaltedunen elkartearen datuei erreparatuta, indize horrekin lotutako epaien % 24 Caixabank eta Santander bankuei dagokie; Kutxabankek % 18 du; BBVAk eta Bankiak, % 10; Catalunya Caixa eta Rural Kutxak, % 4 inguru, eta Sabadell bankuak, % 3.

Abiatutako 172 prozeduretatik, 143 lehen auzialdian ebatzi dira; 28, Lurralde Auzitegian, eta bakara, Auzitegi Gorenean. Katalunian izan dira auzi horrekin lotutako epai gehien (kopuru osoaren % 30). Atzetik ditu EAE ( % 22), Andaluzia (% 13), Madril ( % 8), Gaztela eta Leon ( % 7) eta Kanariak (% 5).

Aurrekariak

2017an, indizea gardena zela ebatzi zuen Auzitegi Gorenak, baina Bartzelonako Lehen Auzialdiko 38. Epaitegiak auzia Europako Justiziara bidaltzea erabaki zuen, arazo prejudizial gisa planteatuta.

Ahozko saioa otsailaren 25ean egin zuten Luxenburgon eta abokatuaren txostena epai aurreko azken pausoa da.

BIDEOA | Zer da IRPHa eta zer esan nahi du EBko abokatuaren ebazpenak?

Zer da IRPHa eta zer esan nahi du EBko abokatuaren ebazpenak?
Zer da IRPHa eta zer esan nahi du EBko abokatuaren ebazpenak?
Zer da IRPHa eta zer esan nahi du EBko abokatuaren ebazpenak?

1:43

BIDEOA | IRPHaren ibilbide judiziala Gipuzkoan hasi zen 2013an

IRPHaren ibilbide judiziala Gipuzkoan hasi zen 2013an
IRPHaren ibilbide judiziala Gipuzkoan hasi zen 2013an
IRPHaren ibilbide judiziala Gipuzkoan hasi zen 2013an

1:13

BIDEOA | Hipoteken gaineko interes-tasari esker irabazi handiak izan dituzte bankuek

Hipoteken gaineko interes-tasari esker irabazi handiak izan dituzte bankuek Hegoalden
Hipoteken gaineko interes-tasari esker irabazi handiak izan dituzte bankuek Hegoalden
Hipoteken gaineko interes-tasari esker irabazi handiak izan dituzte bankuek Hegoalden

1:18
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Kutxabank albisteak BBVA albisteak Zer ari da gertatzen Europan? Banco Santander argazkiak Hipotekak albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Burtsa gaur Kontsumoari buruzko albisteak Etxebizitza