Ekonomia -
Gipuzkoako ekonomia % 0,3 hazi da urteko lehen hiruhilekoan
Urtetik urterako datuan % 0,7 hazi da Gipuzkoa, Adegik apirilean egin zuen Egoera Ekonomikoaren inguruko Inkestaren arabera.
Erredakzioa
Gipuzkoako ekonomiak % 0,3ko hazkundea izan du urteko lehen hiruhilkoan, aurrekoarekin alderatuz. Urtetik urterako datuan, % 0,7 hazi da Gipuzkoa, Adegik apirilean egindako Egoera Ekonomikoaren inguruko Inkestaren arabera.
Industria alorrean izan da hazkunde garrantzitsuena: esportazioak % 21 igo dira 2010ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz.Inkestaren datuak aurkezteko agerraldia egin dute Donostian Eduardi Zubiaurre Adegiko presidenteak, Jose Miguel Ayerza idazkari orokorrak eta Patxi Sasigain berrikuntza eta lehiakortasun zuzendariak.
Europar Batasuneko eta Euroguneko Barne Produktu Gordinak izan duen hazkundea (% 0,8) goraipatu du Zubiaurrek. Hazkunde datuak hobetu egin ditu datu horrek, bere hitzetan. Mantentzekotan, urte bukaeran "BPGren hazkundea % 3aren gainetik egon daiteke".
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Gipuzkoako ekonomiak % 0,3ko hazkundea izan du lehen hiruhilekoan. Urtetik urterako datuetan Gipuzkoa % 0,7 hazi da eta Euskadi, berriz, % 0,9.
Hala ere, espero zutena baino hazkunde txikiagoa izan dela nabarmendu du Adegiko presidenteak. Industriak %3ko hazkundea izan du lehen hiruhilekoan, baina zerbitzuak % 1 besterik ez dira hazi. Eraikuntzak % 4,4ko jaitsiera izan du, Adegiko inkestaren arabera.
Adegiren ustez, Gipuzkoako ekonomiak hazten jarraituko du aurten. Urteko bigarren seihilekoan lanpostuak sortzen hasiko direla uste dute. Izan ere, esportazioek duela hiru urteko marka hautsi dute.