Ekonomia -
Ikerketa
Lan gaixotasunek 106 milioiko kostua ekarri zioten Osakidetzari 2008an
1999tik 2008ra jakinarazitako laneko gaixotasunetan oinarritu dute ikerketa.
Erredakzioa
Osalan erakundeak laneko patologien inguruan egindako lehen "mapan" ikus daitekeenez, osasun publikoak 106 milioi euro baino gehiago gastatu zituen 2008an laneko gaixotasunen ondorioz.
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Lan sailburuak eta Pilar Collantes Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariak ikerketa aurkeztu dute, Bilbon. Euskadin eta Estatu osoan gai honen inguruan egindako lehen azterlana da.
1999tik 2008ra jakinarazitako lan gaixotasunetan oinarritu dira ikertzaileak lana egiteko.
Ikerketa honetan, lan gaixotasunek osasun zerbitzu publikoarentzat dakarten kostu altuaz aritzen dira. Enpresek eta mutuek hartu beharko lituzkete kostuok beren gain, baina osasun publikoa arduratu ohi da.
Saileko arduradunek lan osasunaren arloko prebentzio politiketan lehentasunezko gaitzat hartu dute laneko gaixotasunena. Haien ustez, egindako azterlana oso "instrumentu sendoa" da orain arte ezkutuan egon den errealitateari aurre egiteko.
Ikerketaren arabera, EAEn eta Nafarroan daude lan gaixotasun gehien Estatu osoan. Collantesek esan duenez, Euskadin gaixotasun gehiago hartzen dituzte mota honetakotzat.