Ekonomia -

Lan-gatazka

ABBko langileak mobilizatu egingo dira 160 kaleratze galarazteko

Langileek uste dute erregulazio espedientearekin, multinazionalaren helburua "enpresa ixtea" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ABB Galindoko (Trapagaran) enpresa batzordeak mobilizazioak iragarri ditu datorren asterako multinazionalak aurkeztu duen enplegu erregulaziorako espedienteari aurre egiteko, izan ere, 160 langileren kaleratzea aurreikusten duela salatu dute.

Javier Mentxaka enpresa batzordeko presidenteak prentsaurrekoa eman du mobilizazioen berri emateko. Astelehenean enpresara materiala sartzeko eta ateratzeko bidea itxiko dute eta asteartean 24 orduko greba egingo dute eta lan-uztea luzatu egingo dute espedientea negoziatzen den egunetan.

Multinazionalak aurkeztu duen espedienteak Estatuan multinazionalak dituen beste enpresa batzuei ere eragingo die, baina Bizkaiko plantari egingo dio kalte gehien. "ABB multinazionala da eta izaeraren parekoa da bere jarrera. Deslokalizatu egin nahi dute enpresa, produkzioa Italiara eta Turkiara eramanda kostuak murrizteko", Mentxakaren arabera.

Enpresa batzordeko bozeramailearen arabera, azken urteetan enpresaren etekinak 30 milioi eurotik gorakoak izan dira eta azken hiruhilekoan "aurreko urtean baino % 40 gehiago irabazi du".

"Enpresa itxi nahi dute inguruko enpresetan, Navalen eta Babcocken, hartu duten joerari jarraituz eta horrek 650 lanpostu zuzenen galera, eta zeharkako 2.000 lanpostu desagertzea ekarriko luke", Mentxakak azaldu duenez. Hori dela eta, Ezkerraldeko gainerako enpresei "erakundeei presio gehiago egitea" eskatu die.

ESKk, UGTk, CC. OO.k eta ELAk osatzen duten enpresa batzordeak esku hartzeko deia egin die erakundeei, "Ezkerraldea hiltzen ari baita, eta galarazi egin nahi dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea