Ekonomia -

Automobilgintza

Mercedesek Gasteizko ekoizpenari eutsiko dio, eta baliteke handitzea

Zuzendaritzak sindikatuei esan zien agian urteko ekoizpena jaitsi beharko zuela, baina azkenean ez da halakorik gertatu.

Mercedesen lantegia, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Mercedesen lantegia, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Mercedesen lantegia, Gasteizen. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak aurtengorako aurreikusita zuen ekoizpen mailari eutsiko dio, hau da, 143.700 ibilgailu egingo dituzte, aurreikusi moduan, eta baliteke kopurua haztea.

Horixe jakinarazi du Igor Guevara Mercedes-Benz Gasteizko enpresako batzordeko presidenteak, sindikatuetako ordezkariek lantegiko zuzendaritzarekin izan duten bileraren ostean.

"Haiek uztailean espero zutena baino hobea da egoera", azaldu du Guevarak. Izan ere, enpresak esan omen die eskariak ez duela behera egin, 2019 amaiera arte eutsiko diotela ekoizpen programari, eta urte amaieran "apur bat" igotzeko "esperantza pixka bat" dagoela.

Uztailean ekoizpen aurreikuspenak murriztea erabaki zuen enpresak, hirugarren aldiz aurten, 154.000 ibilgailutik 143.700era.  Hala ere, sindikatuei esan zien langile kopuru berari eutsiko ziola kateen eguneroko ekoizpen mailari eusteko.

Uda baino lehenago zuzendaritzak sindikatuei esan zien urteko programa berrikusteko aukerak zeudela, beheranzko joerarekin, baina azkenean ez da halakorik gertatu, "kontrakoa baizik", "programari eutsi", eta "urte amaieran handitzeko aukera baitago" eskaera bat baieztatuz gero, Guevarak azaldu duenez.

Bestalde, urte amaiera arteko ekoizpena zehaztuta, bi ekoizpen egun soberan egongo omen lirateke, abenduan, azken eskaera baieztatzen ez bada beti ere.

Dagoeneko finkatuta daudenak bertan behera geratuko diren gaueko sei txandak dira (urriaren 3an, 4an, 25ean eta 31n, eta beste bi azaroan), baina lan-hitzarmenean adostutako malgutasunaren barruan sartzen omen dira.

Guevarak esan du beste bilera bat egingo duela zuzendaritzarekin urriaren 8an, urte amaierarako ikuspegi "argiagoa" edukitzeko, eta abenduko bi egunekin zer gertatzen den ikusteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana berriak Ekonomia Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Mercedes Benz Lan gatazkak Industria gaur Automobilgintzari buruzko albisteak