Ekonomia -

Iraileko langabezia datuak

Langabeziak % 2,11 eta % 2,08 egin du behera EAEn eta Nafarroan

2.444 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn urrian. Nafarroan, aldiz, 646 lagun gutxiago izan dira. 144.071 langabe daude Hego Euskal Herrian.

Zerbitzuetan (2.050 lagun gutxiago) jaso da beherakadarik handiena. Argazkia: pixabay.com
zerbitzari bat ogia banatzen
Zerbitzuetan (2.050 lagun gutxiago) jaso da beherakadarik handiena. Argazkia: pixabay.com

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeen kopuruak behera egin du irailean EAEn, abuztuko datuekin alderatuta, 2.444 pertsona gutxiago (% 2,11) zenbatu baitituzte langabezian. Guztira, 113.634 langabe daude Euskadin, Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak asteazken honetan jakitera eman dituen datuen arabera.

Urtebetean 9.403 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian Euskadin. Hala, % 7,64 egin du behera langabeziak 2018ko irailetik.

Langabeziaren datuak lurraldeka aztertuz gero, Bizkaian 1.490 langabe gutxiago (% 2,24) daude, guztira 64.966 zenbatu baitituzte; Araban 586 langabe gutxiago (% 3) zenbatu dituzte, 18.954 lagun baitaude orain langabezian; eta Gipuzkoan, berriz, 368 langabe gutxiago (% 1,22) zenbatu dituzte, 29.714 pertsona baitaude langabezian. Urtebetean, Bizkaian 5.929 langabe gutxiago (% 8,36) zenbatu dituzte; Gipuzkoan, 2.434 gutxiago (% 7,57); eta Araban, 1.040 (% 5,20).

Sektoreka aztertuz gero, Zerbitzuetan (2.050 lagun gutxiago) jaso da beherakadarik handiena, eta Industria (312 lagun gutxiago) eta Eraikuntza (303 pertsona gutxiago) daude atzetik.

Nekazaritzan ere behera egin du, 219 lagun gutxiago izan baitira. Irailean, ordea, aurreko enplegurik ez zutenek 440 lagun gehiago zenbatu dituzte.

2006tik izandako irailik onena izan dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak

Kontratuen harira, abuztuan baino 34.108 gehiago izan dira irailean, 100.505 kontratu zenbatu baitituzte, aurreko urtean baino 7.733 gehiago.

Beatriz Artolazabal sailburuaren esanetan, 2006tik izan den hilabeterik onena izan da EAEn enplegurako, eta krisiaren aurretik izandako langabeziaren "antzeko" egoeran gaude.

646 langabe gutxiago, Nafarroan

Nafarroan, langabeziak % 2,08 egin du behera irailean, abuztuan baino 646 langabe gutxiago zenbatu baitituzte langabezian. Guztira, 30.437 pertsona daude lanik gabe bertan.

Foru erkidegoan, 2.678 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian urtebetean. Ondorioz, % 8,09ko beherakada izan da.

Datuak sektoreka aztertuz gero, Eraikuntzan izan ezik, sektore guztietan egin du behera langabeen kopuruak. Nekazaritzan, 1.633 langabe (29 gutxiago) daude; Industrian, 4.110 (76 gutxiago) eta Zerbitzuetan, 20.381 (548 gutxiago). Eraikuntzan, ordea, 1.574 lagun zenbatu dituzte (28 gehiago).

3.079.711 langabe, Espainian

Estatuan, langabeziak % 0,45 egin du gora irailean, abuztuan baino 13.907 langabe gehiago zenbatu baitituzte. Guztira, 3.079.711 pertsona daude lanik gabe, aurreko urtean baino 122.798 lagun gutxiago (% 3,83).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak