Ekonomia -
Merkataritza gerra
Muga-zergen igoerak 7,6 milioi inguruko eragina izango luke EAEn
Arantxa Tapiak azaldu duenez, AEBk iragarritako muga-zergen ondorioz sektore kaltetuena ardogintzarena izango da. Gaztagintzak eta arrain-kontserben merkatuak ere kalteak jasango dituztela esan du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europako produktuei ezarritako muga-zergak garestitzeko Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragarritako erabakiak 7.650.000 euroko eragin ekonomikoa izango luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoa eta Azpiegitura sailburuak gaur jakinarazi duenez.
Espainiako Gobernuak deituta, autonomia erkidegoetako ordezkariek bilera egin dute goizean Madrilen, AEBk iragarritako muga-zergen igoeraz hitz egiteko.
Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura jarduneko ministroak esan du muga-zergen igoerak 765 milioi euroko eragina izango lukeela Estatuan. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, eragina 7,6 milioikoa izango litzateke.
Hala ere, Tapiak zuhurtzia eskatu du, Trumpek iragarritako neurriaren ondorioak eta zenbatekoak zeintzuk izango diren aurrez zehaztea zaila dela argudiatuta.
Bestalde, Tapiak berretsi egin du Ameriketako Estatu Batuek aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean Europar Batasuneko herrialdeek modu bateratuan eta koordinatuta erantzun beharko luketela.
Horrez gain, muga-zerga berrien ondorioz sektore kaltetuena ardogintzarena izango dela, baina gaztagintzak eta arrain-kontserben merkatuak ere kalteak jasango dituztela ohartarazi du. Ildo horretan, Tapiak jakinarazi du Eusko Jaurlaritza aste honetan bilduko dela ardogileekin hartu beharreko balizko neurriak aztertzeko.
Halaber, Estatuko nekazaritza sarea (Regal) martxan jartzeko eskatuko du Jaurlaritzak, auzi honetan erkidegoek ere erabakitzeko ahalmena izan dezaten.