Ekonomia -

'Pepinoen krisia' dela eta

Bruselak iragarritako laguntza 'nahikoa' ez dela esan du Espainiak

Proposatutako laguntzak (150 milioi euro) nekazal erakundeetan antolatuta daudenentzat nahiz nekazari independenteentzat izango dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dacian Ciolos Europar Batzordeko Nekazaritza komisarioak iragarri duenez, Europako nekazariei "pepinoaren krisiak" eragindako kalteak konpentsatzeko 150 milioi euroko laguntzak ematea proposatuko du Bruselak. "Hasteko, 150 milioi euroko diru-laguntza proposatuko dut", zehaztu du Ciolosek, Luxenburgon izandako Ministroen ez ohiko Kontseilura iritsi denean, "gero ikusiko dugu zenbat eskaera heltzen zaizkigun".

Komisarioak azaldu duenez, laguntzak krisiaren hasieratik ekainaren amaiera arte iritsiko dira. Halaber, proposatutako laguntzak nekazal erakundeetan antolatuta daudenentzat nahiz nekazari independenteentzat izango direla azpimarratu du Ciolosek. Laguntza horiek Nekazaritzako Politika Bateratuaren aurrekontuaren parte izatea proposatuko du Ciolosek. Gainera, laguntza horiek nahikorik izango ote diren galdetu diote eta honen harian, "egin ahal duguna" dela aitortu du komisarioak.

Laguntza "nahikorik ez"

Hala ere, Rosa Aguilar Espainiako Ingurugiro ministroak adierazi duenez, Europar Batzordearen laguntzak "ez dira nahikorik", E. Coli bakterioak eragindako kalteengatik nekazariak konpentsatzeko.

"Espainiari ez zaio nahikoa iruditzen atzera-egitearearen % 30aren balioa proposatzea eta argi eta garbi esango dugu Kontseiluan", adierazi du ministroak bilera hasi baino lehen.

Ildo horretan, Espainiak "edozein gauza" ez duela onartuko ohartarazi dio Aguilarrek Europako Batzordeari. Era berean, 27ek onartzen dituzten kalte-ordainak sortutako "kalteen parekoak" izan behar direla esan du.

"Espainian ez gara edozein gauzarekin konformatzen. Hori argi gelditu behar da; izan ere, gure nekazarien babesa osoa da eta Bruselak bere proposamena hobetu behar du", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea