Ekonomia -
Dokumentazioa
Gasteizko Mercedes-Benzek EAEko BPGren % 3 ekoizten du
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako industria alorreko enpresa handiena da eta automobil ekoizle bakarra. Milioi batetik gora furgoneta ekoitzi ditu dagoeneko.
Erredakzioa
Gasteizko Mercedes-Benz enpresa Euskal Autonomia Erkidegoko automobil ekoizle bakarra da eta industria alorreko enpresa handiena, 90eko hamarkada erdialdetik aurrera batez ere.
Milioi batetik gora furgoneta ekoitzi ditu dagoeneko, hori izan baita egin duen ibilgailu mota bakarra. 1995ean iritsi zitzaion enpresa handi egin duen furgoneta egiteko eskaria, Mercedes Vitoa hain zuzen ere.
Merkatuan furgoneta horrek izan zuen harrera ikusgarriak, eta bere oinordekoak 2003tik aurrera izan zuenak, ahalbidetu zuten 2004tik aurrera ekoizpen errekorrak lortzea, ekonomia krisia iritsi zen arte. Baina, Vito furgonetak eta Viano monobolumenak iraungitze data dute: 2014a. Aurten, Mercedes-Benzen zuzendaritzak VS20 furgoneta berria non ekoitzi erabaki beharko du, eta Gasteizko fabrika da hautagaietako bat.
Erabaki horren mende egon liteke Gasteizko fabrikaren etorkizuna bera ere. 3.200 langile zuzenen etorkizuna, eta zeharkako 13.000 beharginena, dago jokoan. EAEn 34 enpresak hornitzen dute Gasteizko fabrika osagaiekin eta 100.000 eurotik gorako fakturazioa duten beste 56k ere lan egiten dute enpresarekin. Vitoren eta Vianoren proiektuan hornitzaileek 3.740 milioi euro fakturatuko dituzte 2003 eta 2014 artean eta 17.000 milioi euro fakturatuko ditu Mercedes-Benz Vitoriak.
Furgoneta berriaren ekoizpena lortzearen mende daude ehunka lanpostu eta EAEko Barne Produktu Gordinaren zati handi bat, izan ere, Mercedes-Benz Vitoriak BPGren % 3 ekoizten du.