Ekonomia -

Nafarroa

Nafarroako Auzitegiak errefusatu egin du 2017ko euskarazko plazak baliogabetzea

Epaiaren arabera, ez dago frogatuta lanpostu elebidunen kopurua neurriz kanpokoa edo bidegabea izatea.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman du epaia. Argazkia: EFE.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman du epaia. Argazkia: EFE.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak eman du epaia. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 2017ko Foru Dekretuan eskainitako euskarazko plaza guztiak baliogabetzea errefusatu du; hortaz, administraritza publikoko nafar funtzionarioak batzen dituen Afapna sindikatuaren eskaria ez du ontzat hartu. Dekretu haren ondorioz, Foru Erkidegoko Administraritzaren eta haren erakunde autonomoen lantalde organikoa aldatu zuten.

Epaian (helegitea jarri ahal zaio, kasazioan), Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Aretoak ondorioztatu du ez dagoela frogatuta lanpostu elebidunen kopurua neurriz kanpokoa edo bidegabea denik.

Aretoak, Auzitegiak jakitera eman duenez, banan-banan aztertu ditu sindikatuak ezeztatzea eskatzen zituen lanpostu guztiak. Hala, Afapnaren iritziz, Foru Poliziako eta Suhiltzaileen zerbitzuko bete gabeko euskarazko lanpostuak ez zeuden zehaztuta eskualde euskaldun batean ere, ez eta arrazoituta ere.

Auzitegiak nabarmentzen duenez, baina, Foru Poliziaren bete gabeko bost lanpostuei dagokienez (bi Altsasun, bi Elizondon –eskualde euskaldunean- eta beste bat Lizarran –eskualde mistoan-), kalean eta ahoz egiten diren ekintzak kontuan izanik, beharrezkoak dira eskatutako profila eta hizkuntza-maila, herritarrei arreta egokia ematea xede.

Suhiltzaileetan bete gabe dauden bost lanpostuen gainean, Aretoak adierazten du horietako lau Iruñeko parke nagusira joango direla, Nafarroa osoan zerbitzua emateko, eta beste bat Oronozera (eskualde euskaldunean).

Zerbitzu horretan ere, komunikazioa ahozkoa da, eta, hortaz, herritarrei aukera eman behar zaie euskaraz hitz egiteko, hala nahi badute. Epaileek nabarmendu dute, halaber, lantalde organikoan 100 plaza baino gehiago izango direla, eta ez dagoela frogatuta lanpostu elebidunen kopurua neurriz kanpokoa denik.

Hezkuntza Departamentua

Hezkuntza Departamentuan ere, epaileen iritziz, profil linguistikoen zehaztapena modu egokian egin da.

Hezkuntza-ikuskaritzaren zuzendari nagusiaren txostena baliatu dute, Afapnaren eskariari erantzuteko; txosten horretan plaza berriak sortzeko beharraz aritzen zen zuzendaria, bai eta lanpostu horiek kuantifikatzeko moduaz ere.

Halaber, Administraritzako zenbait Departamentutako lanpostu elebidunen gainean, Auzitegiak dio helegitea duten lanpostu guztiak txosten teknikoek justifikatuta daudela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Nafarroako albisteak Lana albisteak Epaiketak argazkiak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lan Eskaintzak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia