Ekonomia -

Urte arteko BPG datuak

Espainiako ekonomia % 0,4 hazi da hirugarren hiruhilekoan

Uztailetik irailera bitartean, eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreek lanpostuak sortu zituzten, baina nekazaritzak enplegua galdu zuen zazpigarren hiruhilekoz jarraian.

Bi langile, fabrika batean. Artxiboko argazkia: EiTB
Bi langile, fabrika batean. Artxiboko argazkia: EiTB
Bi langile, fabrika batean. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako ekonomia % 0,4 hazi da hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan bezala. Gauzak horrela, hiru urtetan izan duen gorakadarik txikiena izan du, Espainiako Estatistika Institutuak ostegun honetan argitaratu dituen datuen arabera.

Urte arteko datuei erreparatuz gero, BPGa %2 hazi zen hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan bezain beste. Horrenbestez, Espainiako Gobernuak urte honetarako zuen helburua (% 2,1) baino hamarren bat gutxiago lortu du.

Hirugarren hiruhilekoko datuak aurrean izanda, Espainiako ekonomiak 23 hiruhileko jarraian metatu ditu urte arteko tasa positiboak, eta, orain arteko % 0,4ko hazkundearekin, 24 hiruhileko jarraian pilatu du goranzko joera.

Izan ere, uztaila eta iraila bitartean, kontsumoa eta inbertsioa hobetu ziren, esportazioek behera egin bazuten ere. Kontsumoari dagokionez, gastua % 1 handitu zen epe horretan, hau da, bigarren hiruhilekoan baino bederatzi hamarren gehiago. Testuinguru horretan, familien kontsumoa % 1,1 egin zuen gora, 2017ko lehen hiruhilekotik izandako gorakadarik handiena, hain zuzen ere.

Alabaina, etxebizitzetan egindako inbertsioa % 2,6 jaitsi zen hirugarren hiruhilekoan. Inportazioek, ordea, lau hamarren bikoiztu zuten hazkunde-erritmoa, % 1,3ra arte.

Bost urtetan izandako gorakadarik txikiena izan du enpleguak

Enpleguaren kasuan, Espainiako Estatistika Institutuak ziurtatu du aldagai hori, lanaldi osoko lanpostuei dagokienez, % 0,1 hazi zela uztailetik irailera bitartean.

Urte arteko tasari dagokionez, enpleguak % 1,8 egin du gora, aurreko hiruhilekoan baino zazpi hamarren gutxiago, hau da, urte batean lanaldi osoko 332.000 lanpostu inguru sortu dira. Urte arteko hazkunde hori, 2014ko hirugarren hiruhilekotik izan den tasarik txikiena da.

Uztailetik irailera bitartean, eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreetako lanpostuek % 2,2 eta % 1,9 egin zuten gora, hurrenez hurren. Industrian, berriz, 1,2 puntukoa izan zen gorakada hori, % 2,6ra arte. Alabaina, nekazaritzak enplegua galdu zuen zazpigarren hiruhilekoz jarraian, eta bigarren hiruhilekoan baino nabarmenago, urte arteko beheraka % 1,7koa izan baitzen.

Testuinguru horretan, soldatapekoen ordainsariak % 5,2 igotzetik % 4,6 igotzera igaro ziren lanean dauden herritarren kopuruaren bilakaeraren ondorioz, eta, batik bat, soldata dutenen batez besteko ordainsariaren bi hamarren jaitsieraren ondorioz (% 2,4tik % 2,2ra).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Murrizketak Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak