Ekonomia -

VTC autoen dekretua

Bezeroek 30 minutu arinago eskatu beharko dute Uberren zerbitzua

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, alokairuko auto txoferdunenen jarduna arautuko duen dekretua urtea amaitu baino lehen sartuko da indarrean.

Uber zerbitzuko erabiltzaile bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Uber zerbitzuko erabiltzaile bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Uberren lehen asteburuan hainbat irregulartasun salatu dituzte taxilariek

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alokairuko auto txoferdunen (VTC) jarduna aratuko duen dekretua urtea amaitu baino lehen izango du prest Eusko Jaurlaritzak, eta horren arabera, bezeroek aurretiaz —30 minutu arinago— egin beharko dute eskaera. Horrenbestez, mota horretako zerbitzua eskaintzen duten autoak ezingo dira kalean bueltaka ibili, bezero bila.

Hala iragarri du gaur Janire Bijueska Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzarako zuzendariak, Euskadiko Taxien Federazioarekin eta VTC lizentzia duten gidarien ordezkariekin egindako bileraren ostean.

Uber konpainia estatubatuarra Bizkaiko hiriburura iritsi ostean, bilera egin du gaur Bilbon Euskadiko Taxiaren Mahaiak.

Bilerara ondorengoak joan dira: Antonio Aiz Garraio sailburuordea, Janire Bijueska Garraio Plangintzarako zuzendaria, taxien elkarteak, Borja Musons Taxien Euskal Federazioaren presidentea, eta Asovas VTC elkarteko hainbat kide (elkarte hori 2018an sortu zuten, eta, egun, Euskadin urriaren 2ra arte baimena zuten VTC lizentzien erdia kudeatzen du).

Topaketa amaituta, Bijueskak azaldu du premiaz deitu dutela bilera; izan ere, ez zuten espero Uber sartzea: "Aurreko astera arte, zabalik dauden plataformetako batek ere ez zuen adierazi interesik zuela Euskadin sartzeko".

Taxilariak, "lasai"

Borja Musonsek, aldiz, esan du taxilariak "lasai" daudela; Uber abisatu gabe sartu da Bilbon, "baina lasaitasunerako deia egin zaie lankideei, eztabaidarik egon ez dadin"; hortaz, ez dago aurreikusita "inolako mobilizaziorik edo manifestaziorik" egitea.

Zehaztu duenez, taxiaren sektorea "Administraritzarekin dago; konfiantza osoa dugu harengan"; esan du, horrez gain, Uber etorri dela Bilbora "aztertzeko zer egin ahal duen, neurriak indartzeko, benetan 'lehorreratu' aurretik”; haren iritziz, Uberren asmoa da "ikustea nolakoa den negozio-tamaina, eta taxilariak zirikatzea".

Ildo horri jarraituz, gehitu du eskatu dietela Administraritzari eta Bilboko Udalari "arren, Uberreko langileei legea betearazteko, gainerako hiritarroi eginarazten diguten bezala. Legea ezin da urratu. Araua betetzea eskatzen ari gara, hori besterik ez".

Euskal araua "ondorengo asteotan" aurkeztuko dute, Jaurlaritzaren Gobernu Bileran. Aldez aurreko kontratazioaz gain, debekatuta izango da berehalakotasuna, bai eta bide publikoan bezero bila ibiltzea; izan ere, baldintza horiek gidaria duten ibilgailuak arautzeko Estatu mailako Legean dago jasota.

Janire Brijueskak esan duenez, taxiaren sektorearekin eta VTC tradizionalekin izandako topaketak "eraikitzaileak, toleranteak eta positiboak" izan dira; bateratutako dokumentuaren zirriborroa "aztertu eta hobetu" egin dute, eta prozesu horretan, "negoziazio guztietan gertatzen denez, desadostasuneko uneak izan dira".

Araudia onartuta, Eusko Jaurlaritzak Udalen eta Foru Aldundien laguntza eskatuko du, Legea errespetatzen dela zaintzeko.

Bilboko Udala, Uberren iritsieraren kontra

Uber plataforma Bizkaiko hiriburura "ustekabean" iritsi dela salatu zuen joan den astean Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak, eta Udalak taxiaren sektorea babesten jarraituko duela ziurtatu zuen.

"Uberrek taxiaren sektorearekin lehiatu nahi du, eta hori ezin da onartu, batik bat bizikidetza arazoak sortzen dituelako", nabarmendu zuen Alfonso Gilek.

Mugikortasun zinegotziak azpimarratu zuenez, Bilboko Udalak VTC ibilgailuen gaineko legea errespetatuko du beti.

Alabaina, taxiaren sektorearekin elkarlanean "aho batez" onartutako zirkulaziorako udal ordenantzari jarraiki, "Bilbon taxiaren zerbitzu osagarri batekin aritu nahi duenak arazorik gabe egin ahal izango du, baina, zerbitzu bera eskaini nahi duenak, arazoak izango ditu".

"Bilbon ez dugu bizikidetza arazorik nahi, ezta autoak hirian zehar kea askatuz bueltaka ibiltzea ere", gaineratu zuen Gilek.

Bizkaiko hiriburuko ordenantzaren arabera, taxiak taxi-geltokietan hartu behar direla gogoratu zuen Mugikortasun zinegotziak, eta Uberrek  "geralekurik" ez duela nabarmendu zuen.

Uberrek Bilbora iritsi dela jakinarazteko modua kritikatu zuen Alfonso Gilek, eta herritarrei eta taxiaren sektoreari "lasaitasuna" adierazi zien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zer gertatu da gaur Uber enpresarekin?