Ekonomia -
Nafarroa
Bi sindikalista zigortu dituzte, Huerta de Peraltan egindako protesta batengatik
LABek helegitea aurkeztuko duela iragarri du, eta "beharrezkoa eta zilegi zen ekintza sindikal batek delituaren kalifikazioa jasotzea erabat salagarria" dela azpimarratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Azkoienen dagoen Huerta de Peralta enpresan "greba eskubidearen urraketa" salatzeko ekintza bat egin zuten LABeko bi sindikalistari bost hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diete, desobedientzia delitua egotzita, sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Bi sindikalistek furgoneta bat aparkatu zuten Huerta de Peralta enpresaren sarreran, "greba eskubidearen urraketa salatzeko". Izan ere, enpresak Murtziako eta Almeriako lehengaiak eraman zituen, "grebaren eragin ahalik eta txikiena izateko".
LABek azpimarratu duenez, "ezarritako zigorra Fiskaltzak hasieran eskatutako hamabi hilabeteko zigorra baino nabarmen txikiagoa da". Dena dela, "beharrezkoa eta zilegi zen ekintza sindikal batek delituaren kalifikazioa jasotzea erabat salagarria da", LABen iritziz.
"Patronalak etengabe urratzen du lan arloko legedia, Lan Ikuskaritzak, Foruzaingoak edota Fiskaltzak ezer gutxi egiten duten bitartean. Prekarietatea salatzen duten mobilizazio sindikalak, ordea, bide penaletik jazartzen dituzte. Justiziaren patronalizazioaz ari gara", salatu du LABek.
Testuinguru horretan, sindikatuak helegitea aurkeztuko duela iragarri du, "absoluzioa edo, gutxienez, gertakarien kalifikazioaren aldaketa (delitutzat barik arau-hauste administratibotzat hartzeko) eskatuz".
Halaber, LABek auto karabana deitu du ostegun honetarako Iruñean, "Justiziaren instrumentalizazioa salatzeko". Protesta, 12:00etan abiatuko da Trinitariosetik, eta Justizia Jauregia eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren (CEN) egoitza batuko ditu, sinbolikoki.