Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Almunia: 'Espainiak zail izango du defizit helburua bete ezean'
Almuniaren esanetan, Espainiak hauteskundeen aurrerapena baino, Gobernuak abian jarritako erreformekin jarraitu behar du.
Erredakzioa
Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidenteorde eta Lehiarako komisarioaren hitzetan, Espainiak "oso gaizki" pasatuko du aurten defizita murrizteko helburua bete ezean edo 2012an hori betetzeko aurrekontua aurkeztu ezean, ez baitu finantzatzeko aukerarik izango.
TVE telebista katean egindako elkarrizketa batean, Almuniak azaldu du kanpotik ez dela bereizten nondik datorren defizita, eta betetzen den oro har aztertzen dela, Administrazio Zentralaren kontuak edo autonomi erkidegoetakoak bakoitza bere aldetik aztertu gabe. Horren harian esan duenez, Gobernu Zentrala "ondo baino hobeto ari da betetzen" helburuak baina "ez dago batere argi" autonomia erkidegoetako gobernuak betetzen ari diren.
Almuniaren esanetan, Espainiak hauteskundeen aurrerapena baino, Gobernuak abian jarritako erreformekin jarraitu behar du, abian diren ekimenak aurrera eramanez eta kutxen erreforma sustatuz.
Greziaren bigarren erreskate baten harira, finantziazio programarekin aurrera egiteko akordioa erdiestea espero duela esan du Almuniak, erreformak eta ahaleginak egiten jarrai dezaten.
Ildo horretan, Grezia gauza asko egiten ari dela adierazi du: pribatizazio neurri ugari onartu ditu eta zerga arloan ahalegin handia egiten ari da.
Dena den, Greziak ahaleginak egin arren, "denek" dakite egiteko asko duela oraindik, egun baten, "ahalik eta lasterren", baina ez 2012an, merkatuetan bere beharrak asetzeko finantziazioa lortu ahal izateko.
Almuniaren hitzetan, finantza merkatuak "oso urduri" daude, besteak beste, Greziako ekonomiaren arazoen ondorioz. Hori dela eta, Europako gobernuei etxeko lanak egiteko eskatu die, inbertitzaileen, merkatuen eta herritarren konfiantza berreskuratzeko.