Ekonomia -
Strauss-Kahnen ondorengotza
Carstens eta Lagarde, NDF zuzentzeko behin betiko hautagaiak
Erakundeak baztertu egin du Stanley Fischer israeldarraren hautagaitza, epetik kanpo aurkeztu baitzuen eta 67 urtekoa baita (araudiak debekatu egiten du hautagaik 67 urtekoak baino zaharragoak izatea)
Erredakzioa
Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Christine Lagarde frantziarra eta Agustin Carstens mexikarra izendatu ditu Dominique Strauss-Kahn zuzendari ohiaren lekua hartzeko hautagai. Horrenbestez, baztertu egin du Stanley Fischer israeldarraren hautagaitza.
Agiri batean, NDFren zuzendaritza batzordeak gogorarazi du hautagaitzak aurkezteko epea ostiralean amaitu zela.
Horrek lehiatik kanpo uzten du Fischer, asteburuan iragarri baitzuen SKH ordezkatzeko asmoa.
Era berean, gogoratu beharra dago NDFren arauek debekatu egiten dutela hautagaiak 65 urtekoak baino zaharragoak izatea, eta israeldarrak 67 dituela.
"NDFren batzordea Washingtonen batzartuko da hautagaiekin, eta ondoren, bildu egingo da hautagaien alde onak aztertu eta erabakia hartzeko", azaldu du agiriak.
Helburua, erakundearen zuzendari berria ekainaren 30ean hautatzea da.