Ekonomia -
Eusko Jaurlaritza
Lanbidek lan eskaintzen berri emango du egunero Twitter bidez
Lanbideko arduradunek jakinarazi dutenez, @lanbideejgv kontuak unean uneko lan-proposamenen eta prestakuntza-eskaintzen berri emango du, denbora errealean.
Erredakzioa
Lanbide Enplegurako Euskal Agentziak kontua (@lanbideejgv) ireki du gaur Twitter gizarte-sarean bere katalogoa zabaltzeko asmoz, eta lanpostu bila dabiltzanei lan-merkatura sartzen laguntzea helburu hartuta.
"Enplegu-radar modukoa" izango den kontua ezaugarri horiekin Estatuan zabaltzen den lehenengoa da, eta etengabeko informazio-jarioa eskainiko du egunero: lan-eskaintzak, prestakuntza-ikastaroak eta lan-arloko berriak. Gainera, jarraitzaileekin solasean aritzeko bide gisa ere erabiliko da.
Lanbideko arduradunek jakinarazi dutenez, @lanbideejgv kontuak unean uneko lan-proposamenen eta prestakuntza-eskaintzen berri emango du, denbora errealean.
Kontuko eskaintzak ikusteko, herritarrak http://twitter.com/lanbideejgv tekleatu beharko du, eta doako zerbitzu horren jarraitzaile egin.
Une horretatik aurrera berritasunak automatikoki iritsiko dira haren terminalera, dela ordenagailua, dela sakeleko telefonoa edo "tablet" gailua. Lanbideren twitter-ean argitaratzen diren eskaintzak eta berriak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira.
Eskaintza bakoitza aurkitzen laguntzeko, "tuit" (mezu) bakoitzak etiketak edo "hashtags" izango ditu, eta enplegua eskaintzen den herria eta jarduera-sektorea ere adieraziko ditu. Nahikoa izango da mezu bakoitzari dagokion estekan klik egitea lan-proposamen bakoitzari buruzko deskribapen zehatzagoa ikusteko.
Lanbidek Twitter-en izango duen kontuak indartu egingo du bulego-sarean eskaintzen den arreta, eta kontsulta-zerbitzu bat jarriko du internauten eskura, euskal enplegu zerbitzuaren funtzionamendua eta zerbitzuari buruz dituzten zalantzak argitzeko.
Teknologia berrien alde egiten duen apustuaren barruan, Lanbidek 14.916 lan-eskaintza bidali ditu sakeleko telefonoko mezuen (sms) eta posta elektronikoaren bidez; horietatik, 2.718 sms-ak ziren, eta 19.993 herritar hartu dituzte. Horiek guztiak hautaketa-prozesuren batean sartu ziren.