Ekonomia -

2020ko Eurokopa, Bilbon

Eurokoparako 'boluntarioen' lana argitzeko eskatu dio Bilboko Udalak UEFAri

Partidak antolatzeko 1.000 'boluntario' kontratatzeko asmoa du UEFAk, eta horren harira, Lan Ikuskaritzan txostena aurkezteko galdegin dio Udalak Europako futbol erakundeari.

San Mameseko futbol zelaia. Argazkia: EFE
San Mameseko futbol zelaia.
San Mameseko futbol zelaia. Argazkia: EFE

Agencias | Redacción

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko Eurokopako partida batzuk San Mamesen jokatuko dira, eta partidak antolatzeko, 1.000 bat "boluntario" kontratatzeko asmoa du UEFAk. Hain justu, "boluntairo" figura horren inguruko argibideak eskatu dizkio Bilboko Udalak Europako futbol erakundeari.

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak adierazi duenez, UEFAri Lan Ikuskaritzan txosten bat aurkezteko galdegin diote "boluntario horien funtzioak lan harreman bidez arautu behar diren zehazte aldera". Udalaren asteko bilkuran eman ditu argibideak Ochandianok. Bilkura horretan PPk mozio bat aurkeztu du Bilboren irudia Espainiako Selekzioaren irudiarekin batera sustatzeko kanpaina bat eskatuz.

Azkenean, ordea, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak adostutako zuzenketa bat onartu du Udalbatzak. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk kontra bozkatu dute. Onartutako testuan ageri denez, "udal gobernuak 2020ko Eurokoparen baitan Bilbo promozionatzeko ekimenak jarriko ditu martxan, eragin ekonomikoa eta nazioarteko proiekzioa lortzeko helburuarekin".

Garapen Ekonomikoko zinegotziak zehaztu duenez, Bilbok ez du boluntariotza plan bat gauzatuko, eta UEFAren esku geratuko da hori. "Hori bai, kontratazio guztiak lan kontratu bidez egin beharko dira", argitu du Ochandianok.

Halaber, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak nabarmendu du "garrantzitsuena" dela "nazioarteko jardunaldi" gisa hartzea. "Espero dezagun dena ondo ateratzea eta Bilboren irudia sendotuta ateratzea", erantsi du.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, kritiko

PPren proposamenarekin eta udal gobernuak egindako zuzenketarekin oso kritiko azaldu dira EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Jone Goirizelaia koalizio soberanistaren bozeramaileak salatu duenez, "batzuetzat kirol kutsuko ekitaldi soila da, baina guretzat kirol arloko kolonizazio kultural bat da. Sakoneko eztabaida saihestu nahi da, balizko etekin batekin mozorrotuta".

Goirizelaiaren esanetan, "UEFAK 1.000 boluntario kontratatuko ditu partidak antolatzeko, eta salbuespen fiskal ugari eta Bizkaiko Foru Aldundiak emandako 750.000 euro dituen arren, ez die boluntario gazte horiei zentimo bat ere ordainduko. Hori da ekitaldi horrek edukiko duen eragin ekonomikoa?, galdetu du.

Ildo beretik mintzatu da Carmen Muñoz Elkarrekin Podemoseko zinegotzia. Gogorarazi duenez, Udalak bi milioi euro jarriko ditu Eurokoparako. "Kopuru ikaragarria da. Gure taldeak ez du nahi euro bakar bat gehiago bideratzea honetara", erantsi du.

"Identitate gaiaz harago, ez ditugu elitezko kirolaren ekitaldi hauek babesten, arriskua baitago Bilbo hoolinganen arteko —euskaldunak, espainiolak eta beste nazioalitate batzuetakoak— gudu-zelai bihurtzea", arrazoitu du.

Azkenik, oso bestelako iritzia eman du Carlos Carcia PPko zinegotziak. Horren ustez, "Bilbo une historiko batean dago, ahalik eta zuku gehien atera behar diogu. 2020a gogoan hartzeko urte bat izango da, bilbotar guztiek, kirola eta futbola gustuko dutenek eta espainiar guztiek ere gogoan hartuko dutena. Izan ere, espero dut Espainiak txapelketa irabaztea. Gogorarazi behar du Bilbo dela Eurokopa jokatuko den Espainiako hiri bakarra; pribilegiatu batzuk gara". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Futbola Bilbo Bizkaia San Mames Lana Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak UEFA Europa Liga Futboleko Eurokopa