Ekonomia -

Ogasunaren kontrako delituak

Fiskaltzak Xabi Alonsoren absoluzioa errekurritu eta epaiketa errepikatzea eskatu du

Errekurtso idazkiaren arabera, "epaimahaiak ebazpenean egindako proben balorazioa ez da zuzena".

Xabi Alonso, bere abokatuekin batera. Argazkia: EFE
Xabi Alonso, bere abokatuekin batera.
Xabi Alonso, bere abokatuekin batera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Fiskaltzak iruzur fiskalagatik Xabi Alonso Realeko jokalari ohia absolbitu zuen ebazpenaren kontrako errekurtsoa aurkeztu du Madrilgo Auzitegi Nagusian, eta epaiketa berriro egitea eskatu du, iturri fiskalek jakinarazi dutenez. Alonso urrian epaitu zuten Ogasun Publikoaren kontrako hiru delitu egotzita (2010, 2011 eta 2012ko ekitaldiei zegozkienak).

Alonsoren absoluzioa ez ezik, Ivan Zaldua eta Ignasi Maestre aholkulariena ere errekurritu du Fiskaltzak. Ministerio Publikoaren arabera, "epaimahaiak ebazpenean egindako proben balorazioa ez da zuzena, eta epaiak ez du arrazionaltasun juridikorik".

Madrilgo Lurralde Auzitegiko magistratuek Fiskaltzaren tesiaren kontra egin zuten euren ebazpenean, eta ondorioztatu zuten Alonsok egindakoa orduko hartan indarrean zegoen zerga araudiaren "araberakoa" izan zela, eta ez zuela deliturik egin. Fiskaltzarentzat, ordea, Ogasun Publikoaren kontrako delituak egin zituen jokalari ohiak, eta zigor eskaera jaitsi bazuen ere (bost urtetik bi eta erdira), zigortu beharra zegoela argudiatu zuen.

Fiskaltzaren esanetan, "epaian jasotako froga batzuk ez ziren ahozko epaiketan egiaztatu, are, epaimahaiak ebazpenean egindako proben balorazioa ez da zuzena".

Fiskaltzak uste du frogek argi utzi dutela Kardzali enpresaren (Alonsok Madeiran sortutako sozietate horri laga zizkion irudi-eskubideak) egiteko "bakarra" Espainian zergak ez ordaintzea zela. Hortaz, "erabateko simulazioa" zuen helburu, betiere fiskalaren arabera.

Epaiak ondorioztatu duenez, hainbat enpresek Kardzali sozietatearen bidez ordaindu zioten Xabi Alonsori. Horren aurrean galdera botatzen du Fiskaltzak: "Zergatik ordaindu zioten irudi-eskubideak lagata bazituen?". Fiskaltzaren iritzian oso datu deigarria da hori, eta baieztatuko luke sozietate hori "diru-sarrerak eta ordainketak egitek tresna hutsa" zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Reala Delituak Iruzurrak Epaiketak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Madril