Ekonomia -
INEren inkesta
EAEko langileek dute soldatarik onena
Urtean batez beste 26.162 euro irabazten dituzte. Nafarroa, berriz, soldata handienak dituzten erkidegoen zerrendan laugarren dago, Madril eta Kataluniaren atzetik.
Erredakzioa
EAEko langileak dira Estatuan soldatarik onena jasotzen dutenak, urtean batez beste 26.162 euro irabazten baitituzte. Soldatarik baxuena duten herritarrak, aldiz, kanariarrak dira; batez beste 18.926 euro irabazten dituzte urtean.
Estatistika Institutu Nazionalak, INEk, kaleratu berri duen inkestaren arabera, 2009an, Espainiako langileek 22.511 euro irabazi zituzten batez beste. Sexuari erreparatuz gero, gizonezkoek 25.001 euro irabazi zituzten batez beste eta emakumeek, berriz, 19.502 euro.
EAEren atzetik, soldata onenak dituzten erkidegoen zerrendan Madril (25.860 euro), Katalunia (23.851 euro) eta Nafarroa (23.657 euro) sailkatu dira.
Zerrendaren beste muturrean, Kanarietako eta Extremadurako langileak (19.099 euro) eta Galiziakoak (19.806) daude.
Emakumeen eta gizonen soldaten arteko alderik handiena Nafarroan eta Madrilen dago, eta txikiena, Kanarietan eta Extremaduran.