Ekonomia -
Urtebete luzeko negoziazioa
Mercabilbaoko greba bertan behera, fruten hitzarmena adostu ondoren
Azken astean, ELA eta alorreko enpresa garrantzitsuenen artean negoziazioak eta itunak izan dira. Adostutakoaren arabera, soldatak KPIaren gainetik igoko dituzte.
Erredakzioa
Mercabilbaoko fruta eta barazki enpresa handizkarietako langileek bertan behera utzi dute ekainaren 26 eta 27rako deitutako greba. ELA sindikatuak jakitera emandakoaren arabera, patronalak eta sindikatuen ordezkariek akordio bat lortu dute alorreko hitzarmen probintzialean.
Fruta, barazki eta bananen hitzarmeneko akordioa urtebetean negoziatzen, mobilizazioetan ibili eta astelehenean hiru orduko paroa egin ondoren lortu dute.
Azken astean, ELA eta alorreko enpresa garrantzitsuenen artean negoziazioak eta itunak izan dira. Adostutakoaren arabera, soldatak KPIaren gainetik igoko dituzte.
ELAko iturrien arabera, aurreko asteko itunen ondoren hitzarmen probintzialaren mailako akordioa egin dute, eta sindikatua, enpresan ordezkaritza duen bakarra, "oso gustora" agertu da adostutakoarekin.