Ekonomia -
Proiektua
Hondarribiko Udalak Zaldunbordako outlet erraldoia eraikitzeko asmoa berretsi du
EAJk soilik babestu du egitasmoa, baina gehiengo absolutua duenez, ebazpenak aurrera egin du. Proiektu horrek polemika handia eragin du eskualdean.
Agentzia | Erredakzioa
Hondarribiko Udalbatzak Zaldunbordako outlet erraldoia eraikitzeko proiektuari babesa mantentzea onartu du EAJren aldeko botoekin; izan ere, jeltzaleek gehiengo osoa dute Udalean. Egitasmoarekin aurrera jarraitzeko dekretua eraginik gabe utzi zuen Alkatetzak iragan asteartean.
Ezohiko Udalbatza egin zuten ostegun arratsaldean. "Zaldunborda Gainean zonalde kutsatua garbitzeko, lanpostuak sortzeko eta jarduera ekonomikoa sustatzeko proiektu positiboa da", dio onartutako ebazpenak.
Hala ere, Udalak argitu duenez, "beste edozein proiektuk bezalaxe", Zaldunbordako outletak "legea bete beharko du".
Azkenik, bertako dendak bultzatzeko konpromisoa adierazi eta sektoreari laguntzen jarraitzeko borondatea azaldu du Hondarribiko Udalak ebazpenean,.
EAJko 9 zinegotzien aldeko botoekin aurrera atera zen proposamena. Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu oposizioko alderdiek, ostera, kontrako botoa eman zuten.
Zaldunbordako outlet erraldoian 100 saltoki baino gehiago zabaltzeko asmoa dute 25.000 metro karratu baino gehiagotan. Sustatzaileek 2.000 lanpostu sortuko dituela uste dute.
Eusko Legebiltzarrak merkataritza-guneak arautzeko lege berria onartu baino egun bat lehenago, plan partziala aldatzeko eta eraikuntza baimentzeko dekretua onartu zuen Hondarribiko Alkatetzak. Mota honetako egitasmo erraldoiei murrizketak ezartzen dizkio EAEko legedi berriak.
Oposizioa zein Hondarribiko dendariak hasiera batetik proiektuaren aurka agertu dira, baita Irungo Udala ere. Zinegotzi jeltzaleak outlet erraldoiaren aurka azaldu ziren Irunen.
Era berean, proiektuaren inguruko jarrera berriz aztertzeko eskatu zioten Gipuzkoako Batzar Nagusiek Hondarribiko Udalari, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin.
Horrela, proiektua gelditzea erabaki zuen Udalak iragan asteartean, plan partziala eraginik gabe utziz, merkataritza-guneko enpresa sustatzaileak baldintzak "bete ez" dituela argudiatuta.