Ekonomia -
Gipuzkoa
Behobia eta Irun arteko AP-8ko tarifa berriak urtarrilaren 1ean ezarriko dira
Lehen bidaiatik % 50eko deskontua aplikatuko da, eta, horrez gain, baita % 85era arteko deskontu progresibo bat ere.
Agentziak | Erredakzioa
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak ostiral honetan iragarri duenez, urtarrilaren 1ean jarriko dira indarrean Behobia eta Ventas arteko AP-8 autobideko tarifa berriak: % 50eko deskontua izango dute lehen bidaiatik aurrera.
"Tarifa berriak aurrekontuen foru arauan onetsi ziren eta urte berriarekin batera jarriko dira indarrean. Behobia eta Ventas artean egiten den lehen bidaiatik aplikatuko den % 50eko deskontuaz gain, beste deskontu progresibo bat ere aplikatuko da, ezarritako tarifaren aldean hilean % 85eko deskontua gainditu dezakeena. Onura horiek izateko beharrezkoa izango da Abiatu gailua izatea", adierazi du Oiarbide diputatuak.
Oiarbidek prentsaurrekoan azaldu duenez, neurri horiek hartzerako, Gipuzkoako Foru Aldundia Irungo auzo elkarteak biltzen dituen Oiasso plataformarekin harremanetan egon da hainbat aldiz, eta aintzat hartu nahi izan du haiek egindako eskaera. "Aplikatuko ditugun beherapenekin bilatzen dugu gaur egun autobidea hiriko muturren artean mugitzeko erabiltzen ez duten bizilagun asko hura erabiltzera animatzea, eta, horrela, Irungo eta inguruko trafikoa arintzea", zehaztu du Bide Azpiegituretako diputatuak.
2020ko urtarrilaren 1ean indarrean jarriko diren tarifa berriei esker, Behobia eta Ventas artean joan-etorriko bidaia 24 orduan baino gutxiagoan egiten duen erabiltzaileak % 50eko deskontua izango du egungo tarifaren aldean.
"Hala, deskontua aplikatuz, joan-etorriaren kostua euro batekoa izango da, bi eurokoa beharrean", zehaztu du Aintzane Oiarbidek, eta gaineratu du: "lehen deskontu horretaz gain, Abiaturentzat aurreikusitako deskontu progresiboak ere aplikatuko dira, baldin eta hilean gutxienez sei joan-etorri egiten badira". Beherapenak honako hauek izango lirateke: % 25 zortzi aldiz igaro ondoren (0,35 € bidaiako); % 55 bederatzi eta hogei bidaia artean (0,23 € bidaiako) eta % 75eko deskontua 21. bidaiatik aurrera (0,13 € bidaiako).
Irundarren mugikortasuna errazteko eta hobetzeko, halaber, martxoaren hasieran Oinaurreko lotune erdi berria irekiko da, eta bertan 2.500 ibilgailu inguru ibiliko direla aurreikusten da. Hala, Abiatu nahiz VIA-T gailuak dituzten ibilgailuek Irun eta Oinaurre artean dauden 3,2 kilometroak bakarrik ordainduko dituzte, Behobiarainoko ibilbideak dituen 7 kilometroak ordaindu beharrean.
Kobratzeko sistema
"Ordaintzeko sistema arkuen bidez egingo da, N-I errepidean egiten den moduan. Eskuzko kabinarik ez dagoenez, teleordainketa gailurik ez duenak Ventas eta Behobia arteko ibilbide osoa ordaindu beharko du, gaur egun bezala», gogorarazi du diputatuak.
Bestalde, Oinaurreko AP-8ko irteera berriaren eta Ventasen arteko joan-etorriek ere deskontuak eta kenkariak izango dituzte Abiatuko erabiltzaileentzat. Oinaurre-Ventas bide zatian, lehen bidaia 0,43 € ordainduko da, eta 0,11 eurora artekoa izango da beherapena 21. bidaiatik aurrera.
Lehen aipatutako deskontu guztiak eskuratu ahal izateko Abiatu gailua edukitzearen garrantzia azpimarratu du diputatuak eta Abiaturen erabilera sustatze aldera, eta bizilagunek gailuaren abantaila guztien berri izan dezaten, informazio kanpaina bat egingo du foru agentziak urtarrileko bigarren hamabostaldian.
Irungo herritar guztiek triptiko bat jasoko dute postontzietan, eta, bertan, abantailen berri emateaz gain, gailua eskuratzeko egin beharrekoa ere jakinaraziko zaie. «2019an, Bidegik 25 milioi euro baino gehiago itzuli dizkie gipuzkoarrei deskontu gisa», gogoratu du Oiarbidek, eta, amaitzeko, gogora ekarri nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo mugikortasuna hobetzeko egin duen apustua.