Ekonomia -

Iruzkina

Greziak arnasa hartu du, baina arnasestuka

Europar Batasuna beste erreskate plan bat prestatzen ari da, 110.000 milioi eurokoa. Baina litekeena da hori ere nahikoa ez izatea.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziak aire pixka bat hartu du Europak emandako laguntzarekin, baina oraindik ere zailtasunak ditu arnasa hartzeko.

Greziako finantza egoera ez dago inondik inora konponduta. Parlamentuan atzo onartutako aurrezte planaren ondorioz, berehala 12.000 milioi euro lortuko ditu Greziak. Dirutza hori, uda honetan ordaindu behar zuen zorra kitatzeko erabiliko da.

Dirutza hori eskuratu ezean Greziak porrot egingo zuen, kutxan ez zegoelako diru gehiago ordainketak egin ahal izateko. Baina ondoren zorraren beste ordainketa bat etorriko da eta hurrengoa pilatutako interes handiagorekin.

Horregatik ari da Europar Batasuna beste erreskate plan bat prestatzen, 110.000 milioi eurokoa. Baina litekeena da hori ere nahikoa ez izatea, zeren gero eta baldintza gogorragoak exijitzen baitzaizkio eta Greziako ekonomia dagoeneko oso itota dago.

Ajuste plan horiek ekonomiaren atzeraldia bultzatzen dute, gero eta lan gutxiago dago, jendeak gero eta gutxiago irabazten du, eta horrela ezin da baliabiderik sortu ekonomia errekuperatu eta bide batez zorra ordaintzeko.

Datu baikor bakarra da gertatzen ari dena ez dela berria. Duela 20 urte Hegoamerikan gertatu zen. Han ere ezin zuten zorra ordaindu, doikuntza oso zorrotzak egin zituzten Nazioarteko Diru Funtsetik dirua lortzeko. Gizartean erreboltak egon ziren eta Argentinak, adibidez, bere "corralito" ezaguna tarteko, porrot egin zuen. Hasieran oso garai gogorrak izan zituzten, baina orain denak zulotik ateratzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea