Ekonomia -

Hautaketa-prozesua

Ertzaina edo udaltzaina izateko izena emateko epea otsailaren 5ean amaituko da

Lan-eskaintza publikorako izena emateko epea bihartik, urtarrilaren 9tik, egongo da zabalik, eta azterketa egiteko aurreikusitako data martxoan izango da.

Ertzaintzaren azken promozioaren artxiboko argazkia. ETBren bideo batetik lortutako argazkia.
Ertzaintzaren azken promozioaren artxiboko argazkia
Ertzaintzaren azken promozioaren artxiboko argazkia. ETBren bideo batetik lortutako argazkia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako agenteen 700 plaza eta udaltzaingoen 111 plaza lortzeko izena emateko epea zabalik egongo da bihartik, urtarrilaren 9tik, otsailaren 5era arte, eta azterketa martxoan egitea aurreikusi dute.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasuneko sailburuak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusi Malentxo Arruabarrenarekin batera, izena emateko eguna iragarri du. Epearen nondik norakoak gaur argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen 700 plazaren deialdiarekin 29. Promozioa osatuko da, eta 1982tik egindako deialdirik handiena izango da; urte hartan guztira mila plaza deitu ziren. Lehenengo Promozioa ere, 1981ekoa, 700 plazakoa izan zen.

Bestalde, ebazpenean ezartzen da deitutako plaza-kopurua handitu ahal izango dela, hautaketa-prozesua garatzen den bitartean, edozein arrazoirengatik, Udaltzaingoaren agente kategorian sortzen diren lanpostu hutsen arabera, kudeaketa-gomendioaren hitzarmena sinatu duten toki-korporazioetan.

Lehenengo hautaprobak (azterketa teorikoa eta psikoteknikoa) martxoan egitea aurreikusten da, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako formakuntza-ikastaroari 2020ko irailean ekingo litzaioke.

Ikastaroa amaitu ondoren, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako kredentzialak banatuko zaizkie izangaiei, eta karrerako funtzionario izendatu aurretik urtebeteko praktikaldia hasiko dute.

Eskakizunak

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek EHAAn jasotzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, besteak beste, honakoak: nazionalitate espainiarra izatea; 18 urte izatea eta 38 urte bete gabe izatea; gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa; eta Batxilergoko titulua edo kidekoa, edo goragoko mailako beste edozein, izatea. Eskabideak eskuratu eta baldintzak begiratzeko Akademiaren webgunera jo daiteke.

Horrez gainera, 900 840 088 doako telefono-zenbakia gaitu da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, gaiari buruz behar den informazio guztia emateko.

Izena emateko eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Belaunaldiak berritzea

 Azken sei urte hauetan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak guztira 2.450 plaza deitu ditu sei promoziotan (24. Promozioan 120; 25. Promozioan 250; 26. Promozioan 300; 27. Promozioan 380; 28. Promozioan 700; eta 29. Promozioan beste 700).

Bestalde, azken sei urte hauetan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskadiko hainbat udalerritako 800 bat udaltzaini eman die formakuntza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak