Ekonomia -
DEFEX auzia
Fiskaltzak 29 urte eskatu ditu 8 akusatuentzat Saudi Arabiari armak saltzea egotzita
Fiskaltzak erakunde kriminala, nazioarteko transakzioetan ustelkeria eta diru publikoak bidegabe erabiltzea egotzi die, besteak beste. Defexek material militarra saldu zion Saudi Arabiari.
Agentziak | Erredakzioa
Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak 20 eta 29 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu Defex enpresa publikoari lotutako 8 akusaturentzat, tartean Jose Ignacio Encinas presidente ohiarentzat, 2005 eta 2014 urteen artean Saudi Arabiari material militarra hornitzeko 11 kontratutan ustez irregulartasunak egiteagatik, 48 milioi euro baino gehiagoren truke.
Manuel Iglesias-Sarria, Angel Maria Larumbe, Jose Ignacio Encinas, Fernando Aguilar, Alvaro Cervera, Veronica Luisa Blanco-Traba, Charles Ques Blandigneres eta Paula Alexandra de Oliveira akusatu ditu Fiskaltzak erakunde kriminaleko delituak, nazioarteko transakzioetako ustelkeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta, kasu batzuetan, zuritzea leporatuta.
Kalifikazio idazkian, Conrado Alberto Saiz fiskalak 45 milioi euroko isuna eskatu du Defex enpresarentzat, eta 29 milioi eurokoa zortzi akusatuentzat; gainera, dirua zuritzea ere leporatzen dieten lau akusatuek milioi askoko beste isun batzuk ordaindu beharko dituzte.
Fiskaltzak Jose de la Mata Auzitegi Nazionaleko epaileari igorri dion idatzian dioenez, 2005 eta 2014 artean hamaika kontratu lortu ziren Saudi Arabiarekin, "herrialde horretako agintari eta funtzionario publikoei legez kanpoko komisioak ordainduz lortu eta gauzatu zirenak".
Horretarako, "kontratu publikoen prezioaren ehuneko batean zehaztutako komisioak adostu zituzten, kasuren batean kontratuaren balioaren % 20koak, prestazio edo zerbitzu batzuen truke. Prestazio edo zerbitzu horiek ez ziren existitzen, baina errealitate komertzialaren itxura sortzea eta enpresa publikoak egindako ordainketak justifikatzea ahalbidetu zuten".
Fiskalaren arabera, Defexek Angolan egindako operazioen antzeko praktika bat da; izan ere, Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu zien Encinasi eta akusatu nagusiei, komisioetan ordaindutako 41 milioi euroko ustezko desbideratzeagatik, Angolako gobernuarekin polizia-materiala kontratatzea lortzeko.
Duela hilabete batzuk, ustelkeriaren aurkako fiskalak Defex Espainiako segurtasun eta defentsarako enpresa publikoari 75 milioi euroko isuna ordaintzeko zigorra eskatu zion, Kamerunen ustez irregularrak diren esleipen batzuengatik, baita Manuel Iglesias bere zuzendari komertzial ohiari 23 urteko kartzela zigorra ere.
Defex auzian Saudi Arabiari, Egiptori, Brasili, Angolari eta Kameruni egindako hornidura militarreko kontratuak ikertzen ari dira. Auzia hainbat piezatan ikertzen ari dira.