Ekonomia -
Balantze ekonomikoa
EAEko ekonomia % 2,2 hazi zen 2019an, Jaurlaritzak aurreikusitakoa
Enpleguaren hazkundea % 1,6koa izan zen iaz, 2018koarekin alderatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Iaz Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekonomia % 2,2 hazi zen, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako portzentaje bera, alegia. Enpleguak ere gora egin zuen iaz, % 1,6, betiere 2018ko datuekin alderatuta. Baliokidetza eginda, lanaldi osoko 15.000 lanpostu sortu ziren.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak 2019ko laugarren hiruhilekoko datuen eta iazko balantzearen aurrerapena kaleratu du gaur.
Laugarren hiruhilekoari dagokionez, Barne Produktu Gordina (BPG) % 2,2 hazi zen, Eusko Jaurlaritzak egindako azken aurreikuspena baino hamarreko bat gutxiago.
Gainerako hiruhilekoetan honakoa izan da hazkundea: % 2,3 lehen hiruhilekoan; % 2,2, bigarrenean; % 2,1, hirugarrenean, eta aipatu bezala, % 2,2, laugarrenean.
2018ko datuak baino apalagoak dira iazkoak. Orduko hartan, % 2,8 hazi zen ekonomia. Hazkunde sendo hori leundu egin zen iaz, eta are gehiago leunduko da aurten. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, % 1,9 haziko da BPGa, eta 11.500 lanpostu sortuko dira.
Azken hiruhilekoaren zein urte arteko hazkundearen arrazoiei dagokionez, industrian izandako hobekuntza eta zerbitzuen portaera ona aipatu ditu Eustatek.
Eustatek martxoaren 6an kaleratuko ditu laugarren hiruhilekoko behin betiko datuak (orain ez ditu txosten hori guztiz osatzeko elementu guztiak).
Jaurlaritzaren iritzia: "2019ko bigarren hiruhilekotik hona, ia etengabeko hazkundea"
Eustaten datuen berri izanda, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak nabarmendu du "dezelerazio guztia" 2018ko bigarren erdialdean eta 2019ko lehen hiruhilekoan gertatu zela: "Ordutik, ia etengabe eutsi zaio hazkunde erritmoari", dio Jaurlaritzak.
"Batik bat kanpotik egindako mehatxuek eragindako testuinguru txarrean (garrantzitsuenak Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra komertziala, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko akordiorik eza, eta isuriei buruzko Europako araudi berriak eragindako automobilgintzaren krisia dira), euskal ekonomiak % 2,2ko hazkundea izan du. Gogorarazi behar da, oraindik behin-behineko datuak badira ere, Ameriketako Estatu Batuek % 2,3 handitu dutela euren BPGa, Japoniak % 1,0, eta Alemaniak % 0,6. Espainiaren hazkundea % 2,0 ingurukoa izango da, eta Frantziakoa eta Erresuma Batukoa % 1,3 ingurukoa. Beraz, “2019an, euskal ekonomiaren jarduna arrakastatsua izan da", adierazi du Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak.
"2019an zehar, hazkunde erritmoari zerbitzuen sektoreak eman dio batez ere egonkortasuna, nazioarteko merkataritzaren gorabehera guztietatik kanpo egon baita. Industriak, bestalde, automobilgintzaren krisia eta jomugako merkatuen inguruko ziurgabetasuna jasan ditu", zehaztu du Jaurlaritzak, prentsa-oharrean.
"Horren guztiaren ondorioz", dio Ogasun eta Ekonomia Sailak, "2018ko bigarren erdialdeko moteltzea izugarria izan zen, bigarren hiruhilekoan hazkundea % 3,5ekoa izatetik laugarrenean % 0,3koa izatera igaro baitzen; baina 2019an zehar, eta zailtasunekin bada ere, errekuperatu egin da".
Azkenik, 2018an eraikuntzak izan zuen 'boom'aren ondoren, 2019an zehar haren balio erantsiaren igoera leunduz joan da, Jaurlaritzaren arabera.
Enpleguan izandako aurrerapenak, bestalde, euskal ekonomian lanaldi osoko 15.600 lanpostu berri sortu direla erakusten du: "Enpleguaren hazkunde-erritmoa leundu egin dela hautematen da, BPGan antzematen ez bada ere, eta horrek % 0,6 arteko produktibitate-irabazien susperraldi txikia dakar". Jaurlaritzaren iritziz, "horren azalpena industriaren ahultasunak ematen du, hori baita aldagai horren igoerari ekarpen handiena egiten dion sektorea".
Azken batean, Eustaten aurrerapen-datuek sentsazio onak utzi dizkiote Jaurlaritzari, urte zail batean, eta 2020rako aurreikuspenari % 1,9an eustea ahalbidetzen dute. Eusko Jaurlaritzak gaineratu duenez, erakunde batzuek azken aldian egin duten iragarpenaren arabera, urte honen bigarren erdialdean Europako ekonomia igotzen has daiteke, eta nazioarte mailan behera egiteko oraindik dauden arriskuak bertan behera geratuko lirateke.