Ekonomia -
Zorraren merkatua
Italiaren inguruko zalantzek Espainiako arrisku-saria igo dute
Inoizko maila altuenera iritsi da, 300 puntura. Gaur buruzagi europarrek bilera egingo dute Greziako krisiak Italia kutsatzeko dagoen arriskuaz eta Greziako bigarren erreskatea negoziatzeko.
Erredakzioa
Espainiako arrisku-saria inoizko maila altuenera iritsi da, 300 puntura, zorraren merkatuaren irekieran, Italiaren inguruan zabaldu den kezkak eraginda batez ere.
Italiako arrisku-saria, berriz, 260 puntura igo da, ostiralean zituen puntuak baino 16 gehiago.
Greziako krisiak Italia kutsatzea
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak aparteko bilera bat deitu du gaur Europar Batasuneko buruzagi ekonomiko nagusiekin zorraren merkatuaren krisiaz hitz egiteko, Reuters albiste-agentziak jakitera eman duenez. Italiak zor publikoa saltzeko dituen arazoak omen dira bilera deitzeko arrazoi nagusia, nahiz eta Van Rompuyren bozeramaile batek hori gezurtatu.
Bileran, Van Rompuyz gain, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordearen presidentea, Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentralaren presidentea, Jean Claud Juncker Eurotaldearen presidentea, Jan Vicent Rostowski Ecofineko txandakako presidentea eta Olli Rehn Ekonomia komisarioa egongo dira.
"Koordinaziorako bilera bat da, ez krisi bilera bat", adierazi du Dirk De Backer Van Rompuyren bozeramaileak. Italia ez dagoela bileraren gai-zerrendan ziurtatu du bozeramaileak, nahiz eta ez esan zeintzuk izango diren eztabaidagai izango dituztenak.
Reutersek, berriz, dio iturri ofizialek baieztatu diotela Italia izango dela gai nagusietako bat bileran. Ostiralean, Italia zorra saltzen hasi zenean, sortu ziren arazoengatik deitu omen dute bilera.
Greziaren bigarren erreskatea
Euroguneko Ekonomia ministroak Greziaren bigarren erreskatearen ardatz nagusiak adosten saiatuko dira gaur arratsaldean. Hala ere, ez da behin betiko akordiorik espero, batez ere bankuek erreskate horretan izango duten parte-hartzea oraindik zehaztu gabe dagoelako.
Bigarren erreskatea iraila arte atzeratuko da gutxienez, Evangelos Venizelos Greziako Finantza ministroak onartu bezala; nahiz eta merkatuek azken astean izandako gorabeherek erabaki bat hartzeko presioa handitu.
Iragan asteburuan, Euroguneak larrialdietarako laguntza desblokeatu zuen, 12.000 milioi eurokoa, Atenasen hondamendi ekonomikoa saihesteko. Horren truke, Greziako Parlamentuak 28.000 milioiko murrizketa plana onartu beharra izan zuen.
Bigarren erreskatea 100.000 milioi euro ingurukoa izango da eta Greziaren finantziazio beharrak beteko ditu 2014. urtera arte.