Ekonomia -

Enpresa

100 milioi eurotik gorako kontratuak sinatu ditu CAFek eskandinaviar herrialdeetan

Euromaintek, CAF Taldeko filialak, Bergensbanen (Norvegia) Bergengo trenen flota mantentzeko akordioa itxi du VY operadorearekin.

Helsinkiko metroaren beste bost unitate kudeatuko ditu CAFek. Argazkia: CAF.
Helsinkiko metroaren beste bost unitate kudeatuko ditu CAFek.
Helsinkiko metroaren beste bost unitate kudeatuko ditu CAFek. Argazkia: CAF.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Norvegiako VY operadoreak akordioa adostu du Euromaintekin, CAF Taldeko filialarekin, Bergengo trenak Eskandinaviako herrialdean kudeatzen duen flota mantentzeko lanak 9 urtez egiteko.

CAF Taldeko Suediako filialak, trenen mantentze-zerbitzuen eta tren-osagaien segmentuan herrialdeko liderra denak, sektore horretan pilatu duen esperientzia zabala eskainiko du. Jardueraren zati handiena Bergenen egingo du (gaur egun, linea horretarako mantentze-lanetarako lantegi berria eraikitzen ari dira).

Kontratu hori izango da Euromaintek Norvegian egingo duen lehen lana; VYren eskutik garatu ahal izango du bere jarduera bi enpresa horiek trenen operazioarekin lotuta tokiko baldintzen inguruan dituzten ezagutza sakonari eta trenen mantentze-lan eragingarria eta kalitatezkoa bideratzeko dituzten metodo aurreratuenei esker.

Bergengo tren lineak (Bergensbanen) Oslo eta Bergen lotzen ditu. Europako iparraldeko tren altuena izateaz gain, ezaguna da Europako tren ibilbide ederrenetakoa delako. Abenduan esleitu zioten VYri Bergengo tren lineak kudeatzeko kontratua. Horren helburua izango da distantzia handiko, eskualdeko eta tokiko trenen zirkulazioa areagotzea, eskualdean garraio arloko konexio hobeak eskaintzea eta, aldi berean, zerbitzuan dauden trenetako barruko eskaintza hobetzea.

Horrekin lotuta, aipatu beharrekoa da VY Taldea Eskandinavia inguruko garraio-talde handienetako bat dela. Garraio eta Komunikazio Ministerioaren bidez, Norvegiako Gobernuaren jabetzakoa da. Herrialde hartako autobus-zerbitzuen kopuru handiaz eta bidaiarientzako tren-zerbitzu gehienez arduratzen da. 2019. urtean CAF Taldeak Euromaint enpresa erosi izanari esker, zerbitzuen prestazio arloan gero eta handiagoa den jarduera sendotu ahal izan zuen. Orain, kontratu berri honekin, Eskandinaviako herrialdeetako merkatuan duen presentzia sendoa indartu du, Taldeak azken urteotan proiektu ugari garatu baititu bertan.

HKL enpresak, Helsinki hirian garraio publikoko sistemak kudeatzeaz arduratzen denak, CAFi M300 serieko beste bost metro-unitate erostea erabaki du. Eskaria CAFek Finlandiako hiriburuko metroari dagoeneko hornitu dizkion eta gaur egun zerbitzuan dauden beste 20 trenei gehituko zaio.

Unitate berriak (bakoitza 4 kotxekoa) egungo M300 ibilgailuen antzekoak izango dira, eta Helsinkiko metroko gaur egungo unitateen flota 45 trenetik 50era handituko dute. Izan ere, CAFek fabrikatutako M300 serieko 20 trenez gain, gaur egun M200 serieko 6 tren eta M100 serieko 19 tren daude zirkulazioan. Tren berriek, guztira, 90 metroko luzera eta, gutxi gorabehera, 575 bidaiarirentzako edukiera izango dute. Mutur batetik bestera, osotasunean izango dira irisgarriak, eta, hala, ibilbidean kotxeen artean mugitu ahal izatea erraztuko da. Trenez gain, horietarako ordezko piezen hornikuntza jasotzen du esleipenak. Unitateak 2022. urtean entregatzea aurreikusi dute. Horien bidez, 2020ko hamarkadaren lehen erdirako Westetik Kivenlahtira doan metro-linean aurrez ikusi duten zirkulazio-igoerari aurre egin ahal izango diote. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Lana CAF Ekonomia Eguneko albisteak Beasain bideoak Albisteak Norvegia Garraio publikoa Industria gaur