Ekonomia -
Euroaren krisia
Alemania, EBko erreskate funtsak zorra erostearen alde
Ostiraleko Euroguneko bilera atzeratu dute Alemaniak horrela eskatu duelako. Espainiaren arrisku saria 307 punturaino jaitsi da.
Erredakzioa
Alemaniako Ekonomia Ministerioak ez du baztertzen EBko erreskate funtsa (Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa) zorra erosteko erabiltzea, baina krisiaren aurreko irtenbide guztiek Europako Banku Zentralaren babesa izan behar dutela azpimarratu du, “inolako taburik gabe”.
Angela Merkel kantzilerra erabilera horren aurka agertu zen; ez zuen nahi Finantza Egonkortasunerako Europako Funtsa zorraren krisia jasaten ari ziren herrien bonoak erosteko erabiltzea.
Hainbat hilabete daramatza Europako Banku Zentralak erreskate funtsak zorra eros dezala eskatzen; izan ere, horrela, Europako Banku Zentralak ez luke berari ez dagokion zeregin hori egin beharko, eta ez luke bere sinesgarritasuna txikituko, zorra erosi behar duen bakoitzean egiten duen bezala.
Espainiako arrisku sariak behera egin du
Espainiaren arrisku saria 307 punturaino jaitsi da. Atzo 314 puntuko mailan gelditu zen.
Euroguneko bilera atzeratu dute
Ostiraleko Euroguneko herrien bilera atzeratu egin dute, Alemaniak uste baitu aurretik bileran aurkezteko plan zehatza izan behar dutela.
Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentea harremanetan egon da Euroguneko 17 herriekin, eta segurutzat jo zuen bilera egingo zutela, baina Alemania bilera ostiralean egitearen aurka agertu da.
"Bilera egingo dugu, baina ostiralean ez da izango", esan diote Efe albiste agentziari Europako ordezkariek.