Ekonomia -

Iruñea

Nafarroako Gobernuak eta Testa Taldeak 392 etxebizitza alokatzeko akordioa itxi dute

Etxebizitzak Iruñean daude, eta gizarte-alokairukoak ziren, baina libre izatera pasatu dira. Alokairuko prezio maximoa hileko 650 eurokoa izango da, eta bizilagunek eta Gobernuak ordainduko dute.

Maizterrak mobilizatu egin dira azken asteotan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Maizterrak mobilizatu egin dira azken asteotan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Maizterrak mobilizatu egin dira azken asteotan. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakizoa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak eta Testa Taldeak Iruñeko 392 etxebizitza alokatzeko akordioa itxi dute astearte honetan. Etxebizitzak gizarte-alokairukoak ziren, eta libre izatera pasatu dira, baina orain arteko maizterrek, akordio honi esker, horietan bizitzen jarraitu ahalko dute. Jose Maria Aierdi kontseilariak prentsaurrekoan azaldu duenez, jabeek kontratu berria sinatuko dute egungo maizterrekin; kontratu horrek zazpi urteko iraupena izango du, eta gehienezko prezioa hileko 650 eurokoa izango da, hiru logelako etxebizitzetan (bi logelakoetan eta logela bakarrekoetan, prezioa txikiagoa izango da).

Kontratu berri horrek atzeraeraginezko izaera izango du, urtarrilaren 1etik, eta Nafarroako Gobernuaren lege-erreforma bat ekarriko du, 392 etxebizitza horietan dauden familiek orain arte jaso dituzten diru-laguntzak luza daitezen; izan ere, gizarte-alokairuko etxebizitzak izan direlako jaso dituzte maizterrek diru-laguntza horiek. Ia kasu guztietan, Gobernuak alokairuaren % 25etik 75era ordaindu izan du, gizarte alokairu horretan.

Aierdik zehaztu duenez, Testa Taldeak alokairuaren prezioa igoko du (gehienez 650 eurotara), eta igoera horri orain arteko proportzioan egingo diote aurre maizterrek eta Gobernuak. Hori, urtero, 100.000 euroko kostua ekarriko dio Nafarroako Gobernuari. Maizterren batek ezin izango balio prezio berriari aurre egin, beste etxebizitza batzuetan saiatuko lirateke konponbidea topatzen, edo Gizarte Zerbitzuen bidez.

Akordioa itxita, 392 etxebizitzetako maizterrek jabeen gutun bat jasoko dute, eta kontratu berria sinatzea proposatuko diete. Gutun horrek aurreko bat indargabetuko du; aurreko horretan, jabeek esaten zieten maizterrei alokairu berriak 750-800 eurokoak izango liratekeela.

Nafarroako Gobernuaren erronka, berezko etxebizitza-parkea izatea

Etorkizunerako, kontseilariak esan duenez, berezko etxebizitza-parkea izatea da Nafarroako Gobernuaren erronka, hau bezalako egoerak saihesteko. Hori lortu arte, hainbat neurri abiatu dituzte: adibidez, gazteentzako Emanzipa programa, eta alokairu-poltsa. Halaber, Iruñeko 392 etxebizitza hauekin gertatu denez, negoziazioak egin dituzte babes ofizialekoak izateari utzi dioten eraikinen promotore batzuekin. Erriberan dauden beste 400 etxebizitzaren jabe berriekin ere izan dira negoziazioak, testuinguru horretan.

Hain zuzen ere, 2016tik 2020ko amaierara arte, guztira 900 etxebizitzak galduko dute babes ofizialeko kalifikazioa. Batzuetan, alokairuak urtero luzatu izan dute jabeek, isileko erabakian. Dena dela, kontseilariak gogora ekarri du "egonkortasuna" ematen diela familiei kontratu luzeagoa izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Etxebizitzen merkatua