Ekonomia -

Europar Batzordea

Antxoaren harrapaketa 29.799 tonara handitzea erabaki du Europak

Maria Damanaki Arrantza komisarioak uztaila hasieran egindako proposamena onartu dute gaur. Azterketa zientifikoen arabera, espezie honen stocka 98.450 tona ingurukoa da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batzordeko Nekazaritza eta Arrantza ministroek Bizkaiko Golkoan antxoaren harrapaketa 29.700 tonara arte handitzea erabaki dute, 2011ko uztailetik 2012ko ekainera arte. Iazko epe berdinean 15.600 tonako kuota ezarri zuen.

Maria Damanaki Arrantza komisarioak uztaila hasieran egindako proposamena onartu dute gaur. Azterketa zientifikoen arabera, espezie honen stocka 98.450 tona ingurukoa da (1987az geroztik izan den altuena).

Bizkaiko Golkoan 2005etik 2009a arte debekatuta egon zen antxoaren arrantza, erreserbek nabarmen egin zutelako behera eta espeziearen biziraupena arriskuan jarri zelako.

2009az geroztik, Europako Batzordeak antxoaren iraupena eta sektorearen errentagarritasuna bermatzeko plan bat jarri zuen martxan. Planari jarraituz eta zientzialarien txostenak aztertuta, Bruselak urtero muga bat ipintzen dio antxoaren arrantzari.

Gaur, Rosa Aguilar Ingurugiro ministroak adierazi du kuotaren handitzea "oso albiste ona" dela euskal arrantzaleentzat. Bere hitzetan, Espainiak eta Frantziak banatuko dute Bizkaiko Golkoan arrantza egiteko aukera (% 90 espainiar ontzientzat eta % 10 Frantziakoentzat).

Golkoan arrantza egiteko interesa duten herrialde bakarrak dira Espainia eta Frantzia, Iaz, espainiar ontziek % 80 arrantza egin zezaketen eta frantziar arrantzaleek, berriz, % 20.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea