Ekonomia -

Balantzea

Iberdrolak mozkin-marka hautsi du 2019an, 3.406 milioi euro irabazita

Aurreko ekitaldiarekin alderatuta, igoera % 13koa da. Taldearen ustiapen-mozkin gordina 10.000 milioi eurotik gorakoa izan zen, lehen aldiz.

Ibedrolaren mozkinak % 13 egin du gora 2019an. Argazkia: EFE.
Ibedrolaren mozkinak % 13 egin du gora 2019an.
Ibedrolaren mozkinak % 13 egin du gora 2019an. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iberdrolak 3.406 milioi euroko mozkin gordina izan zuen 2019an, hau da, aurreko ekitaldian baino % 13 gehiago, enpresak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari jakinarazi dionez; hortaz, Iberdrolak mozkin-marka hautsi du azken urtean. Horrez gain, taldearen ustiapen-mozkin gordina 10.000 milioi eurotik gorakoa izan zen, lehen aldiz, % 8,1eko hazkundea izanda. Sareetako eta sorkuntzako jarduerek eman diote bultzada ustiapen-mozkin gordinaren datuari, nahiz eta, ekoizpen hidroelektrikoari dagokionez, konpainiak azken urteotako kopururik txikienetakoa izan duen.

Iberdrolaren 2019ko inbertsioak inoizko handienak izan ziren, 8.158 milioi eurokoak hain zuzen ere (2018an baino % 32 gehiago), eta horrek eragina izan du ekitaldiaren emaitzetan. Inbertsio horietako % 44 sareei zuzendu dizkiete, eta % 41 berriztagarriei.

Horri esker, Ignacio Sanchez Galan buru duen taldea merkatu guztietan sendotu zen. 2019an, 5.500 megawatt gehiago instalatu zituen; azken bost urteotako batez besteko kopurua, ondorioz, boskoiztu egin zuen Iberdrolak.

Gaitasun berri horri, energia-enpresak egun Espainian, Portugalen, Erresuma Batuan, Mexikon, Brasilen eta beste merkatu berri batzuetan (Australian, adibidez) eraikitzen ari den 9.000 megawatt berriak gehituko dizkio. Halaber, hainbat proiektu ditu garatzeko, mundu osoan; guztira, 40.000 megawatt gehiago ekarriko dituzte hitzartutako proiektu horiek.

Gainera, sareen negozioan egindako inbertsioek taldearen aktibo arautuen balioa igoarazi dute: 31.000 milioi eurokoak izan dira 2019an, 2018an baino % 6 gehiago. Gainera, testuinguruak, arautzeko marko berriekin, egonkortasun handiagoa ekarriko du.

Ignacio Sanchez Galanen hitzetan, 2019ko emaitzek "konpainiaren ikuspegi estrategikoa eta gauzatze-gaitasuna islatzen dituzte; horien bidez, egungo energia-trantsizioari duela 20 urte hartu genion aurrea".

2020rako aurreikuspena

2020rako, 10.000 milioi eurotik gorako inbertsioekin (marka ezarriko dute), Iberdrolaren aurreikuspena da mozkin garbiak % 8 edo 9 egitea gora, finantza-sendotasunari eta dibidendu gorakorretako politikari eutsita. Hazkunde-erritmo horrek ondorengo urteotan ere jarraituko omen du.

Akziodunarentzako ordainketari dagokionez, taldearen emaitzekin bat doa hori ere; izan ere, % 14 hazi da, 0,40na euro akzio guztietan. Ondorioz, Administrazio Kontseiluak, apirilaren 2ko Akziodunen Batzar Nagusian, akzioko 0,232 euro gordineko dibidendu osagarria proposatuko du. Horri akzio bakoitzari emandako 0,168 euro gordineko dibidendua gehitu behar zaio; otsailaren 5ean abonatu zen, kontura, azken dibidendu hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iberdrola gaur Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak