Ekonomia -

Eusko Jaurlaritza

Ostiral honetan zabalduko da Hezkuntzako LEPerako eskaerak aurkezteko epea

Bigarren Hezkuntzako eta LHko irakasleentzako deialdiaren lehen proba ekainean egingo dute.

Deialdia 2020. urtearen hasieran egingo da. Argazkia: pexels.com
Irakasle bat arbelean
Deialdia 2020. urtearen hasieran egingo da. Argazkia: pexels.com

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntzako 2020ko Lan Eskaintza Publikorako eskabideak aurkezteko epea ostiral honetan, otsailaren 28an, irekiko da, eta martxoaren 18ra arte egongo da zabalik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostegun honetan argitaratu duenez.

Guztira, 1.148 lanpostu betetzeko deialdia egin du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: 1.021 plaza Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat izango dira eta 127 plaza Lanbide Heziketako irakasle teknikoentzat.

Apirilaren 29tik maiatzaren 11ra bitartean, hautagaiek programazio didaktikoa aurkezteko epea zabalduko da, eta apirilaren 29a eta maiatzaren 11 bitartean merituak aurkezteko txanda izango da.

Oposizio aldiko bi probetako lehena ekainaren 20an egingo da, larunbatez, Barakaldon, Bilbao Exhibition Centren. Lehen proba hori kanporatzailea izango da, eta bi zati izango ditu. Horietan lehenean izangaiek idatziz garatu beharko dute euren espezialitateari dagokion gai zerrendako gai bat. Jarraian, kasu praktiko bat idatziz garatu beharko dute, hau ere espezialitatearekin lotura estukoa.

Lehen proba gainditzen duten izangaiak bigarren fasera pasatuko dira. Epaimahaiaren aurrean programazio didaktikoa aurkeztu eta defendatu beharko dute (aurrez, maiatzean, entregatu behar izan duten programazio didaktikoa).

2020an zehar gauzatuko den hautapen prozesurako deialdiak jarraipena ematen die 2015etik hezkuntza arloan "etengabe eta urtero gertatu diren" aurreko deialdiei. Horrela, Hezkuntza Sailak legealdi honetarako harturiko bi konpromisoak bete ditu: batetik, urtero lan eskaintza publiko bat egitekoa, eta, bestetik, legealdian gutxienez 5.000 plaza eskaintzekoa (azkenean, legealdi honetan 5.294 plaza eskainiko dira).

"Lan eskaintza publikoek, kalitatezko enplegua sortzeaz gain, Euskal Hezkuntza Sisteman diharduten irakasleei lan egonkortasun handiagoa ere eskaintzen die. Egonkortasun horrek, aldi berean, sendoago bihurtzen du hezkuntza sistema, irakaskuntzaren kalitatean ere eraginez", ziurtatu dute Hezkuntza Sailetik.

Indarrean den araudiak baimentzen dituen plaza guztiak eskainiko ditu Hezkuntza Sailak deialdi honetan. Aurrekoetan bezala, segurtasun eta berme juridikoa lehenesten dira eskaintza honetan ere, prestatzeko ahalegina egiten duten irakasleen lana baloratzeko asmoz. Hezkuntza administrazioaren nahia da "behin-behinekotasun tasa jaisten jarraitzea" legealdi honetan zehar.

Cristina Uriarte sailburuak zuzentzen duen sailak 1.021 plaza eskainiko ditu Bigarren Hezkuntzan, ikasgai hauetarako: Filosofia (45), Latina (5), Gaztelania (115), Geografia eta Historia (116), Matematika (147), Fisika eta Kimika (81), Biologia eta Geologia (44), Marrazkigintza (32), Frantsesa (18), Ingelesa (14), Musika (9), Gorputz Heziketa (35), Hezkuntza Orientazioa (36), Aholkularitza eta irudi pertsonaleko prozesuak (5), Eraikuntza (8), Lan-prestakuntza eta lan-orientazioa (26), Ostalaritza eta turismoa (8), Esku-hartze soziokomunitarioa (12), Merkataritza antolamendua eta kudeaketa (13), Ibilgailuen antolaketa eta mantentze-prozesuak (15), Fabrikazio mekanikoko prozesuak eta antolamendua (49), Osasun-prozesuak (17), Akuikultura-hazkuntzako prozesuak (6), Sistema elektronikoak (12) eta Sistema elektroteknikoak eta automatikoak (22).

127, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoan

Sukaldaritza eta gozogintza (13), Estetika (7), Zurgintza eta altzarien fabrikazioa eta instalazioa (7), Ibilgailuen mantentze lanak (14), Makinen mekanizazio eta mantentzea (68), Ile-apainketa (6) eta Soldadura (12).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Lan Eskaintzak LH albisteak